Bidebietak ongietorria eman die Txanpontxori eta auzoko jaien sasoiari
Jai batzordeak egitarau orekatua prestatu du, eta «bakoitzak ahal duen bezala» laguntzea eskatu die auzotarrei
Mikel
Txanpontxoren jaitsierak Bidebietako jaiak hasteaz gain, urrira arte iraungo duen auzoetako ospakizunen segida hasi zuen, atzo. Donostian dagoen festa egarria asetzeko, lehen tragoak jotzen hasi ziren bidebietarrak, eta horrela jarraituko dute igande arratsaldera arte.
Haur, gazte eta helduentzako ekimenen zerrenda polita osatu dute Bidebietako jai batzordeko kideek. Baina, adinari ez ezik, zaletasunei ere erreparatu egin diete. Hainbat motatako musika, herri gastronomia eta kirol probak ez dira falta festetako egitarauan.
Bidebietako jaietako Txanpontxo Rock jaialdia bosgarren urtera iritsi da. Gaur gauean, Deskontrol, Odio eta Friday’s Crew taldeen soinu gogorrek auzoko pilotalekua beteko dute 22:00etan hasiko den kontzertuan. Baina, rap doinuak nahiago dutenek Allende parkera joatea besterik ez dute izango, eta bertan gauzatuko den emanaldiaz gozatu ahal izango dute.
Pistolak eta motoak
Larunbatak ekarriko du festetako egunik luzeena. Egitarauaren lehen lerroa betetzen du 12:00etan borrokatuko den Battlefield batailak; hau da, Allende parkean laser pistolekin egindako guduak. Eguneko zerrendaren azkena, berriz, zezensuzkoa izango da, gauerdian.
Motorrek ere bere tartea izango dute, bigarren urtez, Bidebietako jaietan. Izan ere, Txalaparta tabernaren laguntzaz antolatu baitute motor erakustaldia. Allende parkean ikusi ahal izango dira bi gurpildun ibilgailuak, eta zaleek aukeratu ahal izango dute zein duten gustukoen.
Txikienek, berriz, moto horietan txangotxoa egitea izango dute, beti ere, beraien gurasoren batek lagunduta joaten badira erakustaldira.
Kamisetak salgai
Urtero legez, jaiak sardina jate batekin bukatuko dira. Baina, datozen urteetan errepikatu ahal izateko laguntza eskatu du jai batzordeak aurtengo programan: «Zure laguntza behar dugu jaiak aurrera eramateko. Bakoitzak ahal duen bezala, lagundu Txanpontxo jaietan». Era beran, antolatze lanetan lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkiete.
Ekonomiaren egoerak diru sarrerak urritu die auzoetako festen antolatzaile guztiei. Hori dela eta, Bidebietakoek jaietako kamiseta salgai jarri dute haur txokoan, estankoan eta Erreka, Riojano, Marley, Alai zein Guardaplata tabernetan.
Salbuespena abuztuan
Txanpontxo jaiak dira auzoko jaien denboraldia irekitzen dutenak. Honen ondoren, festazaleek ia astebururo izango dute festa-turismoa egiteko aukera hiriko auzoren batean edo bestean. Bigarren etapa, esaterako, bidebietarrek errepidearen beste aldean duten Larratxon izango da, ekainaren 7tik 10era.
Ohi moduan, Martuteneko Pilar festek eta Amara Berriko Jai Herrikoiek itxiko dute festen segida urriaren 14an.
Bien bitartean, abuztua da auzoetako jairik izango ez duen bakarra; hilabete horretan, berriz, Donostiako Aste Nagusia ospatuko da, 12tik 19ra.


