Asier Lavanderaren gurasoek "justizia" eskatu dute epaiketaren atarian
Donostiako gaztearen hilketaren inguruko epaiketa hasi da Iruñeako justizia auzitegi nagusian
Asier Lavandera gaztearen hilketaren inguruko epaiketa hasi da Iruñeako justizia auzitegi nagusian. Sergio Fernando Ramos de Sousa da auzipetu bakarra. Lehendabizi, zinpekoen epaimahaia hautatu dute: bost emakumek eta lau gizonek osatu dute. Alegazioen txanda etorri da ondoren. Fiskalak 14 urte eta erdiko espetxe zigorra eta Asier Lavanderaren gurasoentzako 300.000 euroko kalte ordaina eskatu du azipetuarentzat. Giza hilketa egozten dio De Sousari. Lavanderaren gurasoek, berriz, 25 urteko zigorra eta hilketa egozteko eskaera egin dute. Epaiketaren atarian “justizia” eskatu dute. “Justizia egitea espero dugu, hala nahi dugu. Eta hilketagatik kondenatzea nahi dugu. Hori izan zen-eta”.
Defentsak, berriz, bi urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu du, eta zentro berezian sartzeko, auzipetuak transtorno psikopatikoa duelakoan. Auzipetuak berak aitortu duenez, 2010eko urtarrilaren 16an hil zuen 21 urteko Asier Lavandera. Idazkariak epaiketa hasi denean esan duenez, De Sousak lau labankada eman zizkion Lekunberriko Mao Mao dantzalekuaren kanpoaldean.