Auzipetuak ez zuela "ankerkeriaz" hil esan du defentsak
Sergio Fernando Ramos de Sousak, Asier Lavanderaren ustezko hiltzaileak, 17:00etan deklaratuko du epaimahaiaren aurrean
Asier Lavanderaren gurasoak “justizia” espero dutela esanez sartu dira gaur Iruñeako justizia auzitegi nagusian. Haren semearen hilketaren inguruko epaiketa hasi da jada. Fiskalak giza hilketa delitua eskatu du auzipetuarentzat, Sergio Fernando Ramos de Sousarentzat; eta 14 urte eta erdiko espetxe zigorra. Akusazio partikularrak, ordea, 25 urteko zigorra eskatu du; hilketa izan zela uste duelako, eta ez giza hilketa. Hiru labankada lehendabizi, eta atzetik joan eta Lavandera lurrean zela beste bi labankada eman zizkiola adierazi du akusazio partikularrak.
Defentsak buruko arazoak dituela frogatzeko frogak ez direla behar bezala egin argudiatuta epaiketa bertan behera uzteko eskatu du. Eskaera atzera bota ondoren giza hilketa eta bi urte eta erdiko zigorra eskatu du. Auzipetua “ankerkeriaz” ez zuela hil adierazi du defentsak.