"Gizartearentzat hobe da auzipetuak ahalik eta denbora gehien kartzelan pasatzea, damurik ere ez du erakutsi"
Asier Lavanderaren hilketa argitzeko epaiketaren lehen saioa amaitu da; bihar auzipetuaren lagunek deklaratuko dute
Asier Lavandera intxaurrondotarra Lekunberrin (Nafarroa), Mao Mao dantzalekuaren kanpoaldean hil zuten 2010eko urtarrilaren 16an. Haren hilketa argitzeko epaiketan, akusatuen aulkian, ustezko hiltzailea eseri da gaur: Sergio Fernando Ramos de Sousa, 23 urteko iruindarra. 14 eta 25 urte bitarteko espetxe zigorra eskatu dute bere kontra. De Sousak Lavandera hil izana aitortu du epaiketan. Euskadi Irratia-ren arabera, deklarazio gordina egin du, eta hoztasun handiz hitz egin du auzipetuak. Akusazio partikularraren galderak erantzuteari uko egin dio une batean.
2010eko urtarrilaren 16an Mao Mao dantzalekua itxi zutenean kanpora atera zela esan du De Sousak. Asier Lavanderak atzetik jo zuela esan du. Bat batean jendez inguratuta ikusi zuen bere burua, eta labana atera zuela kontatu du; Lavanderak atzera egin ez zuenez, labankadak eman zizkiola. Bere burua defendatzeko egin zuela esan du: “Burua irekiko zidatela uste nuen”. Orduan “nire amak jada ezin du negar egin, egin dezala negar bereak”, pentsatu zuela esan du auzipetuak. Ezarriko dioten zigorra guztiz onartuko duela esan du.
Lavanderaren aitak, Manuelek, esan du gizartearentzat hobe dela auzipetuak ahalik eta denbora gehien kartzelan pasatzea, damurik ere erakutsi ez duelako. Fiskalak 14 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du giza hilketa egin duelakoan. Akusazio partikularra hilketa egin duelakoan dago, atzetik jo eta errematatu zuelakoan. Defentsak bi urteko eta erdiko espetxe zigorra eta zentro berezi batean sartzeko eskatu du.
Epaiketak bihar jarraituko du auzipetuaren lagunen deklarazioekin.