Hiro robot humanoidea hegazkin baten piezak osatzeko prestatu dute dagoeneko. (Argazkia: Mikel Goñi)
Gaur aurkeztu dute Europan gizakiekin batera lanean arituko den lehen robot humanoidea. Tecnaliak Donostian duen egoitzan egin dute prentsarako agerpena, bertan egingo direlako robota Europako merkatura egokitzeko lanak.
Tecnaliako arduradunek azaldu dutenez, robot honen berrikuntza gizakiekin batera ingurune berean lan egiteko ahalmena da. Hola, espresuki prestatuta dago gizakiaren eta makinaren artean lanak osatu ahal izateko, eta bere ezaugarri nagusietako bat gizakiaren segurtasuna bermatzeko tresneria barneratzea da.
Japoniako Kawada enpresak garaturiko robota Europako bezeroei egokitzeko lana hartu du Tecnaliak. Negozio zuzendari Agusin Saenzek azaldu duenez, “Ez dugu lotsatu behar besteek egindako lana egokitzean”.
Hiro robotaren lehen aplikazioa Airbus enpresarentzat prestatzen ari dira Miramongo egoitzan, eta datozen hegazkin modeloetan erabiliko duten pieza bat muntatzeko prestatu dute. Hala ere, teknologia honen prezioa baxua denez, inguru honetako hainbat enpresa txiki eta ertain bere interesa erakutsi dute.