Autobus geltokia egiteko kokapen egokiena Loiolako Erribera dela berretsi du Bilduk
Jon Albizu mugikortasun zinegotziak adierazi du udal gobernuak autobus geltoki berria egiteko asmoari eutsiko diola. Bilduk, halere, autobus geltokia egiteko kokapen egokiena Loiolako Erribera dela aldarrikatzen jarraituko du azken unera arte. “Gobernuaren ustez, gainontzeko alderdi politikoek esan beharko dute zergatik orain arte mantendu duten baiezkoa. Are gehiago, talde batzuek beraien hauteskunde programan bertan Loiolako Erriberaren alde egiten zuten”, gaineratu du Albizuk.
Atzo, autobus geltokia Loiolako Erriberan kokatzearen alde egiteko «arrazoi nahikorik ez» dagoela esan zuen Eneko Goia EAJ bozeramaileak. Bildu, beraz, babesik gabe geratu da autobus geltokia Loiolako Erriberan eraikitzeko. PP eta PSE-EE Atotxako aukeraren aldekoak dira-eta. Udalbatzarrean, maiatzaren 30ean, ezezkoa aterako balitz geltokia Atotxan egingo ote luketen galdetuta, Albizuk ez du argitu zer gertatuko den.