Beldurrik ez, robotei
Tecnaliak Miramongo Teknologia Parkean du Industria Sistemen sailaren egoitza, eta bertan kudeatu da Hiro robot humanoide japoniarra Europara ekartzeko proiektua. Era berean, Miramonen egingo dira hemendik aurrera lanabes horrek beharko dituen egokitzapenak.
Japoniako Kawada enpresa da robotaren beraren egilea; hala ere, Ekialdeko herrialde horretako konpainiak Europako beharretara egokitzeko laguntzailea Tecnalian aurkitu du.
Tecnaliako Negozio saileko zuzendari Agustin Saenzek esandakoaren arabera, robotei dagokienez, oso kultura ezberdinak dira Japoniakoa eta Europakoa. «Hemen ez dago gizaki forma duen robotik; han, berriz, oso ohikoa da forma hori». Produktuaren berrikuntza bikoitza da: humanoide itxura duen robota sortzea eta gizakiekin batera lan egiteko egokiak diren tresna izatea.

Tecnalian egokituko dute robotaren programazioa Europako enpresetan lan egin ahal izateko. (Argazkia: Mikel Goñi)
Horrelako makina baten beharra lanen eraginkortasunean ikusten dute Tecnaliako kideek. Sanchezek areago azaldu zuen. «Roboten zehaztasun zein indar ahalmena eta gizakiaren inteligentzia bateratuta, askoz lan probetxuzkoagoa egin daiteke». Aldamenean duen gizakiarekin eta bere inguruarekin harremanetan jartzeko Hirok lau begi ditu; bi buruan eta beste bi esku banatan; bere ondoan beldurrik gabe aritzeko arrazoia.

Hiroren atzaparra da, lanpostu bakoitzaren arabera, moldatu beharreko osagaietako bat. (Argazkia: Mikel Goñi)
Robotak 20.000 eta 30.000 mila euro arteko kostua izango du, eta Saenzek azaldu duenez, horrek egokia egiten du lanabes hau inguruko enpresa txiki eta ertainetarako. «Dagoeneko interesa erakutsi duten gertuko bezeroak baditugu». Bertaratu zirenen beldurrak uxatu nahi izan zituzten Tecnaliako arduradunek. «Robotak ez du jendea kaleratuko, gizakiekin batera enpresaren eraginkortasuna igoko du; robot gehien dauden herrialdeetan langabezi tasa txikiena dute».