Bihar hasiko da 'Bi eta Bat' telesailaren aro berria
Bi eta Bat ETB-1en estreinatu zutenetik 21 urte igaro dira. Sekulako arrakasta izan zuen Amarako hiru pisukide xelebreen inguruko telesail barregarri hark, eta arduradunek berreskuratzea erabaki dute. Hala, haria mantenduta, egoerak gaurkotu dituzte, berriro ere barreak eragiteko asmoz. Zuzendariak berdinak dira, Eneko Olasagasti eta Karlos Zabala donostiarrak; eta hiru pertsonaia nagusiak ere berdin mantendu dituzte, Joxelontxo (Jose Ramon Soroiz), Idoia (Elena Irureta) eta Jaione (Ane Gabarain). Hiru lagunak berriro elkartuko dira urte askoren ondoren, eta elkarrekin bizitzen bukatuko dute, Joxelontxok Antiguan duen pisu batean. Inguruan pertsonaia berri asko izango dituzte, baina berriro ere taberna bat izango da guztien elkargunea. Hala, Potxolok (Kepa Errasti), bertako tabernariak, ingurukoen kontu guztien berri izango du.
Hamahiru atal emateko asmoa dute momentuz. Hala, asteazkenero izango da Bi eta Bat-en txanda, 22:00etan, eta ordu erdiko bi atal emango dituzte egun bakoitzeko. Bihar emango dituzte lehen atalak, eta IRUTXULOKO HITZAk pertsonaien eta gertaeren inguruko xehetasun gehiago plazaratuko ditu.