Gipuzkoako Aldundiak egitasmo estrategikoen berri eman du Ziriza Etxean
Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitano eta foru diputatu guztiak Pasaiako Ziriza Etxean izan dira gaur Foru Aldundiaren egitasmo eta proiektuen berri emateko. Udaletako ordezkariekin; elkarte; erakunde; enpresetako kide; eta herritarrekin elkartu dira.
Ziriza Etxean elkartu izanaren garrantzia azpimarratu dute diputatuek. Pasaiaren biziberritzea lehentasunezko proiektutzat jo baitute. “Superportuaz eta errauste plantaz aparte” egongo den eredu bat eraikitzeko asmoa agertu du Martin Garitanok.
Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak bidegorrien eraikuntzari gogor eutsiko diotela, eta ahal diren bidegorri guztiak eraikiko dituztela adierazi du.
Fiskalitatean gizarte justuago eta solidarioago baten bidean urratsak eman dituztela azaldu dute. “Gure baliabide teknologiko eta pertsonal guztiak erabiliko ditugu iruzur fiskalaren kontra”, esan du Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak. “Ezkutuko errentak azaleratzeko lan egingo dugu. Iruzurgileei kontrol zorrotza ezarriko diegu”, gaineratu du. Gastua gardentasunez egin behar ela azpimarratu du: “Gastua ez da gurea; gastua herritar guztiena da. Dauzkagun baliabideak dauzkagu”.
Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak sortzaileak mimatu behar direla esan du. Koldo Mitxelenaz, Artelekuz eta Tabakaleraz hitz egin du ekitaldian.
Gaur arratsaldekoa ez da bilera bakarra izango. Gipuzkoako hainbat herritan ekitaldi gehiago egingo dituzte. Donostian Urbieta kaleko Amara Berri ikastetxean egingo dute maiatzaren 28an, 19:00etan.