Lagun Arok agur esan dio denboraldiari, Valentzian galdu eta gero (75-67)
Denboraldia amaitu da Lagun Arorentzat, play-offetako final-laurdenetako hirugarren partida galdu eta gero, La Fontetan, Valentziaren aurka (75-67). Etxekoek hirugarren laurdenean hautsi dute lehia, eta hortik aurrera errenta zaintzearekin nahikoa izan dute. Hala ere, azken laurdenean aukerak izan dituzte donostiarrek; lau minuturen faltan, hiru puntura gerturatu dira (66-63), eta berdintzeko parada galdu dute, Baronen hirukoa ez baita sartu. Hor amaitu da ametsa. Azkenean, porrotarekin amaitu da norgehiagoka; hortaz, Valentziak jokatuko du Bartzelonaren kontra, ostegunean, finalerdietan.
Valentzia erabat esnatu da aldageletatik bueltan, 17-2ko partziala eginda (56-43). Donostiarrak ezinean izan dira erasoan, eta defentsan ere gogortasuna galdu dute. Hirugarren laurdena 59-48ko markagailuarekin amaitu da, laurdena hasi denean donostiarrak aurretik zirenean.
Atsedenaldia donostiarrak aurretik zirela iritsi da (39-41). Jokoaren ekimena lehen hamabost minutuetan eraman eta gero, valentziarrek aurrea hartu dute markagailuan, Newley australiarraren lanari esker, eta 11-1eko partzial baten bitartez (31-27). Baronen ekarpena faltan bota dute gipuzkoarrek, baina fedearekin jokatu dute. Kolpea gainditu eta aurrea hartzea lortu dute berriro (35-36), etxekoen artean zalantzak sortuz. Hala ere, La Fontetan jokatutako lehen partidan bezala, aldageletatik bueltan norgehiagokaren itxura goitik behera aldatu da. Lagun Arok ez du saskia ikusi, eta zazpi puntu besterik ez ditu sartu hirugarren laurden horretan. Hor egon da gakoa.
Lehen laurdenean, Lagun Arok Valentziaren aurretik amaitu du markagailuan (16-21). Bikain ekin diote donostiarrek lehiari, aurreko bi partidekin zerikusirik ez, eta hori Andy Panko jokalari erabakigarriaren hutsunea zutela. Defentsa gogorra egin dute, Valentzia ito arte. Etxekoek lau minutu eta erdi behar izan dituzte lehen saskiratzea egiteko jokoan. Ordurako, bikain zebilen David Doblas, sei punturekin lau minututan (1-8). Valentzia esnatu da, baina Sito Alonsok zuzendutako jokalariek taldean lan egiten jarraitu dute, sendo; hirugarren laurden madarikatua iritsi den arte.
Ametsa bukatu da, denboraldiaren amaierarekin batera, baina zaleak harro egoteko moduan dira; Lagun Arok historia egin du aurten, play-offetarako eta Koparako lehen aldiz sailkatuz.