Loiolako Erriberan zaborrak edukiontzietatik kanpo jarraitzen duela salatu du PSE-EEk
Biltegi gehiago jarri eta arazoa bertatik bertara ezagutzera joateko deia egin diote udal gobernuari
Zabor bilketak arazo izaten jarraitzen du Loiolako Erriberan. Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak salatu duenez, edukiontzi inguruak askotan zabor poltsez inguratzen dira. Udal gobernua auzoa «garbi eta osasuntsu» mantentzeaz arduratu behar dela adierazi du.
Auzotarrak gizalegez aritu daitezen eta zaborrak bere lekuan utz ditzaten informazio kanpainak egin dituztela onartu badu ere, oraindik ere arazoak bere horretan jarraitzen duela eta bertatik bertara zer gertatzen ari den ezagutzera joateko deia egin dio udal gobernuari. Era berean, bilketa pneumatikoko ontzietan sartzen ez diren poltsentzat edukiontzi gehiago jartzeko eskatu du Denis Itxasok.
PSE-EEko zinegotziak, dena den, auzotarrei ere garbiak izateko eskaera egin die eta zaborra dagokion lekuan utzi behar dutela gogoratu die.
Enrique Ramos PSE-EEko bozeramaileak, bestetik, Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, kaleratu dituen turismo datuen berri eman du. Bidaiari sarrerak apirilean %12 egin duela behera eta gaualdiak %9 jaitsi direla aditzera eman du.