Denboraldi berria, Antiguan
Berriro ere ETB-1era itzuliko da gaur ‘Bi eta bat’, 21 urte igaro ostean. Eneko Olasagasti eta Karlos Zabala donostiarrak dira zuzendariak berriz ere, baina hainbat berrikuntza izango ditu telesailak
’Bi eta bat’: aktoreak eta pertsonaiak
Duela lau hilabete zabaldu zen albistea: Bi eta bat telesaila ETB-1era itzuliko da. Eta iritsi da eguna, gaur gauean abiatuko baita denboraldi berria. Dagoeneko 21 urte igaro dira Joselontxok, Jaionek eta Idoiak Amarako Easo plazako pisuan bizitzeari utzi ziotenetik. Kasualitatez, ordea, topatu egingo dira, eta berriro ere elkarrekin bizitzen bukatuko dute, Joxelontxok Antiguan duen pisu batean. 1990eko hamarkadatik errealitatea aldatu egin denez, fikzioa ere egungo garaietara egokitu dute. Beti ere, umorea oinarri hartuta; barre algarak lapurtzeko asmoz sartuko baita hirukotea Euskal Herriko etxeetan. ETBk hamahiru atal emateko asmoa du momentuz. Hala, 25 minutuko bi atal emango dituzte asteazkenero, 22:00etan, gaur bertan hasita.
Zuzendariak lehengo berdinak dira, Eneko Olasagasti eta Karlos Zabala donostiarrak, beraiek izan baitziren telesailaren sortzaileak. Hiru pertsonaia nagusiak ere berdin mantendu dituzte, Joxelontxo (Jose Ramon Soroiz), Idoia (Elena Irureta) eta Jaione (Ane Gabarain). Gainontzeko pertsonaia eta aktore guztiak, ordea, berriak dira, telesaila berritzearen ondorioz. Beraz, ez dira bertan izango, Ramon Agirre eta Jose Mari Berasategi, tabernariaren eta txikiteroaren larruan, besteak beste. Hala ere, egoera umoretsuak sortzeko ez da arrazoirik faltako, bizilagun eta auzokide berriak izango baititu inguruan hirukote xelebreak.
Hasteko, pisuan, hiru beharrean, lau izango dira; izan ere, Joxelontxoren 17 urteko semea ere, Pep, bertan bizi da. Bestetik, bizilagunek ere zer esana emango dute, familia berezia baita hori ere. Igeldoko etxean obrak egiten ari diren bitartean, Joselontxoren pisuetako bat hartu dute errentan, eta beraiek izango dira alokairua ordainduko duten bakarrak. Familiako ama Arantzazu da, Donostiako pijoa, eta bere senarra, berriz, Javi, bilbotarra da. Arantzazu eta Javiren seme-alabak Bego eta Julen dira; nerabe txolin samarra bata, eta etengabe jaten dabilen mutikoa bestea.
Guztien elkargunea berriro ere taberna bat izango da, Etxebe. Potxolo da bertako tabernaria. Berak bakarrik lan egiten du bertan, eta bezero guztiekin oso atsegina izaten saiatuko da. Azken batean, ingurukoen kontu guztien berri izango du Potxolok. Tartean ibiliko da Izaskun ertzaina. Istripu baten inguruan ikertzera iritsi da Bilbotik, eta Joselontxoren pisu batean bizitzen geratuko da. Guztien artean, aldrebeskeriak ez dira faltako.
Abestia ere berritua
Denboraldi berriko Bi eta bat telesaila osatzen duten kideek, hau da, bai kamera aurrean zein atzean lanean dihardutenek, telesailaren aurkezpena egin zuten atzo, ETBren Miramongo egoitzan. Bertan, hitza hartu zuten hainbat lagunek, donostiarrak tarteko, bat baino gehiago baitira, zuzendarietatik hasita. Aktoreen artean, Ane Gabarain bera, esaterako, donostiarra da, baita Amagoia Lauzirika ere.
«ETBrentzat, oihartzun handia izan zuen lehenengo fikziozko telesaila izan zen. Hogei urte eta gero berreskuratzea oso ongi dagoela uste dut. Atzo lehen atala ikusteko aukera izan genuen, eta oso harrera ona izango duela uste dugu», azaldu zuen Joselu Blancok, ETBko Programazio Zuzendariak.
Eneko Olasagastik lan taldearen giro ona nabarmendu zuen. «Joselontxoren etxean sartuko dira Jaione eta Idoia bere bizitza nahastera. Nagusiek barre egin dute, beraz ez da seinale txarra; orain, ikusleek ongi pasatzea falta da», aipatu zuen Olasagastik. Karlos Zabalak, berriz, urteen joanak profesionalki hobetzeko balio izan diela esan zuen. «Denbora tarte honetan, aktore, gidoilari eta zuzendariak zertxobait hobeak egin gara. Lehen arrakasta izan bazuen, orain hainbat arrazoi objetibo ditu ikusleek oraindik gustukoago izateko», esan zuen harro Zabalak. Gidoia bi zuzendariek koordinatzen dute, Olasagastik eta Zabalak, baina gidoilari lanetan dabiltza, aldi berean, Lurdes Bañuelos, Arkaitz Cano, Patxo Telleria eta Xabi Paya.
Hasierako abesti ezaguna, berriro grabatu dute, eguneratzeko asmoz. Oraingoan ere Iñaki Salvador donostiarraren musikak eta Ane Gabarainen ahotsak bat egin dute. Hemendik aurrera, ikusleek aginduko dute.
- Joxelontxo (J. Ramon Soroiz). Emakume aberats baten alarguna da, eta Pep semeari utzitako ondasunak administratzen ditu, Antiguako etxebizitza, besteak beste.
- Idoia (Elena Irureta). Venezuelara aktore gisa lan egitera joan zen, eta bera baino 20 urte gazteagoa zen senarrak diru guztia lapurtu zion. Jaioneren laguntzarekin itzuli da Donostiara.
- Jaione (Ane Gabarain). Abeslari moduan eta beste hainbat lanbidetan porrot egin zuen. Banketxeak pisua kendu dio, eta bizilagunen neskamea izaten bukatuko du.
- Pep (Koldo Olabarri). Joxelontxoren semea da. Berak ere Jose Lorenzo izena du, baina nahiago du Pep deitzea. 18 urteak bete eta aita gainetik kentzeko desiatzen dago.
- Javi (Andoni Agirregomezkorta). Bizilaguna, eta bilbotar peto-petoa. Burtsan lan egiten duela dio, baina itxurak egiten ibiltzen da. Emaztea maite du, baina Izaskun gogoko du.
- Arantzazu (Amagoia Lauzirika). Bizilaguna, eta donostiar pijoa. Saunara joatea eta masajeak jasotzea ditu gogoko. Seme-alabek ez diote kasurik egiten.
- Bego (Amaia Iraundegi). Bizilagunen alaba nerabea. Ikasle txarra da eta Joselontxoren semearekin txoratuta dago. Pepek, ordea, nahiago du Arantzazu.
- Julen (Aitor Etxeberria). Bizilagunen seme ase ezina. Hamaika urte ditu eta teknologia berriekin txoratuta dago. Hala ere, ikasle ona da.
- Izaskun (Itziar Atienza). Istripu bat ikertzera etorri den ertzaina da. Bilbotik iritsi da, senarrarengandik banandu ostean. Izaera gogorreko emakumea.
- Potxolo (Kepa Errasti). Joselontxoren Etxebe taberna errentan hartua dauka. Ligatzeko saiakerak egiten dabil beti, baina ez du arrakastarik.