Surfilm Festibalek festa egingo du Guardetxean
Zuzeneko musika emanaldiak eta proiekzioak izango dira ikusgai ekainaren 2an
Surfilm Festibal jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten. Pixkanaka aurtengo programazioko egitaraua plazaratzen ari da. Guardetxean, ekainaren 2an egingo duten festaren berri eman dute oraingoan. Zinemaz eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da.
Gastrologging filma proiektatuko dute. Hainbat euskal surfzalek egindako dokumentala da. Surfa eta gastronomia uztartzen ditu. Japoniako tsunamiak eragindako hondamendia ere izango dute gogoan. Bertan bizi duten egoerari buruzko irudiak proiektatuko dituzte.
Zuzeneko musika Keison, Willie, Japan eta Kazz-en eskutik helduko da. Jahpang filmaren gainean joko dute musika. Tokian tokiko hainbat sortzaileren film laburrak ere izango dira ikusgai. Gauaren amaieran Violeta Vil taldeak kontzertua emango du.
Sarrerak 7 eurotan daude salgai, Kutxaren ohiko zerbitzuetan.