Aritz Kabe Nocolor estudioan (Argazkia: Estitxu Zabala)
Duela lau urte, 2008ko apirilaren 25ean, ateak zabaldu zituen Groseko Nocolor estudioak. Aritz Kabe errenteriarrak diseinu grafiko ikasketak egin ondoren, bere lokala irekitzeko gogoa zuen, eta urtebeteko lanak egin ostean, bere ametsa gauzatu zuen. Ibilbide polita izan du ordutik, eta lau urteren ostean, diseinu aldaketak egin ditu lokalean. Orain, hiru zatitan banatua dauka Nocolor, sarrerako pisuan, arte galeria; goiko pisuan, diseinuan lan egiteko erabiltzen duen estudioa; eta behean, bere txokoa. IRUTXULOKO HITZAk Nocolor bisitatu du; Kaberen eskutik berrikuntzak ikusi ditu, eta bere lanaren nondik norakoen berri izan du. Datorren astean erreportajea kaleratuko du egunkari honek informazio zabalagoarekin. “Guztia hankaz gora jarri genuen eta lau hilabete igaro ditugu guztia moldatzen. Aldaketa oso garrantzitsua izan da eta jendeak oso gogoko du. Horrek oraindik poz handiagoa ematen dit”, adierazi du Kabek.