Donostia Sutan 1813-2013 elkartea aurkeztu dute
Donostia Sutan 1813-2013 elkartea ezagutzera eman dute eguerdian, Doctor Camino liburutegian. 1813an hirian “kontzienteki” egin zen “holokaustoaren” berri eman nahi dute. Bigarren mendeurrenean, hura jasan zuten donostiarrak omenaldien protagonistak izan daitezela eskatu dute. Hiria ia erabat suntsitu zuten arpilatzeez eta suteez gain, 1.200 donostiar erail eta adin guztietako ehunka emakume bortxatu zituzten erasotzaileek.
Gertatutakoaren berri eman eta egileak zeintzuk izan ziren argitzeko liburuxka bat prestatzen ari dira, baita ikastetxeetan banatzeko komiki bat ere. Halaber, dokumental bat, bisita gidatuak eta abuztuaren 31 arteko egitaraua gauzatzeko asmoa ere badute.
Gaiari buruzko informazio guztia jasotzeko, Donostia1813-2013.blogspot.com.es bloga sortu dute. Bertan elkartearen ekarpenez gain, herritarrenak bildu nahi dituzte. Eskuragarri dauden dokumentuen artean herritar taldeak osatu duen manifestua dago, nahi duen orok bere atxikipena eman dezan. Jada, Toti Martinez de Lezea, Txaro Arteaga, Felix Soto, Jexux Arrizabalaga, Iñaki Egaña, Aitzol Altuna, Luis Mari Etxeberria, Donostiako Bilgune Feminista eta Genozidioaren Biktimen Elkartearen babesa jaso du.
Proiektua gizarteratzeko, ekainaren 12an, Antonio Mendizabal eta Iñaki Egaña historialariek Zein arrazoi zuen Castaños jeneral espainolak Donostia erretzeko eta donostiar guztiei lepoa mozteko agintzeko? hitzaldia emango dute San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan, 19:00etan.