Haurrak lapurtu izana "ia ezinezkoa" dela esan dute jaioberrien unitatetako arduradunek
Haur Lapurtuen Ikerketa Batzordean auziarekin zerikusia izan dezaketen ospitaletako jaioberrien unitatetako arduradunek deklaratu dute gaur. Arabako, Gurutzetako eta Donostia Ospitaleko eta Tolosako Asuncion klinikako arduradunek. Laurak bat etorri dira: irregulartasunak izan zitezkeela onartu dute, baina inondik inora ez, haurrak lapurtzea edo historia klinikoak trukatzea. Haurrak lapurtzea ia ezinezkoa dela esan dute; eurek ez dutela halakorik ikusi adierazi dute. Jaioberrien historial klinikoa trukatzerik egon denik ia ezinezkotzat jo dute. Hori bai, ikusi ez badute ere adopzio irregularrak egin zitezkeela adierazi dute. Aitortu dute gurasoei ez zitzaizkiela hildako haurrak erakusten, ez dakitela non lurperatzen zituzten, baina ospitaletan jaioberrien eta hildakoen registro zehatza betetzen zela esan dute.
Adierazpen “eskandalagarriak”
Ikerketa Batzordearen inguruan oso kritiko azaldu da SOS Haur Lapurtuak Elkartea. Batez ere, haurrak lapurtu direla frogarik ez dagoela adierazi duten adituekin: Etxeberria auzi medikuarekin eta Gurrea ginekologoarekin. Biek ala biek auzitan jarri zuten lapurretez hitz egin daitekeenik, irregulartasunak egon zirela onartu zuten arren. Adierazpen “eskandalagarriak” iruditu zaizkie SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideei.