AHTaren aurkako protesta batean parte hartzeagatik 11 pertsona epaituko dituzte bihar
Kontzentrazioa egingo dute bihar, Donostiako Epaitegian
2008ko abuztuan Donostian Abiadura Handiko Trenaren aurkako protesta ekintza batean parte hartzeagatik 11 pertsona epaituko dituzte bihar Egiako epaitegian. 2008ko abuztuaren 3an egin zuten protesta, “Hiria gelditu eta pentsatu” lelopean. Donostiako hainbat kaletan sei pertsona kateatu ziren porlanez beteriko edukiontzietan. Orain bi urtetik gorako espetxe zigor eskaerei egin beharko diete aurre. AHT Gelditu! Elkarlanak bihar epaitegian, 9:30ean, elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.
Donostiako ezker abertzaleak “gehiegikeria juridiko hau” salatu du, eta epaituko dituzten kideei elkartasuna adierazi die. Epaiketa AHTaren eraikuntzaren aurka Euskal Herrian hedatuz joan den mugimendu zabala “kriminalizatu” eta geldiarazteko urrats berria dela uste du ezker abertzaleak.


