Ramon Agirre: "Ezustekoa izan da nire presentzia uste baino handixeagoa izatea"
Michael Hanekeren Amour filmak irabazi zuen atzo Cannesko Zinema Jaialdiko Urrezko Palmondoa. Ramon Agirre aktore donostiarrak hartu du parte film horretan. Paper txikia egin du, bigarren aktore gisa. Hemen, Berria-n egindako elkarrizketaren pasarte batzuk:
“Oso tipo atsegina izan da, bai filmaketan eta baita Cannesen egon garenean. Oso gertukoa. Baina ikusten duzu izar bat dela, eta zu bihurtzen zara haren konstelazioko kide. Zu ere tratatzen zaituzte modu berean”.
“Amour-en estreinaldiaren bezperan Iñaxio Tolosarekin Xentimorik gabe eman genuen Lezon. 60 bat lagun izango ziren ikusten. Zoragarria izan zen. Hurrengo egunean hartu nuen hegazkina eta estreinaldira joan nintzen. Zer da hobea? Zer da disfrutagarriagoa? Zer da betegarriagoa? Aktoreei tokatzen zaigu egun batean pobre, beste batez jauna izatea”.
“Maisu bat dela iruditzen zait, nahiz eta berak lantzen duen generoa ez izan niri gehien gustatzen zaidana. Bere lau bat film ikusi ditut, eta oso indartsuak dira, estetikoki eleganteak, gogorrak. Amour ere oso da ederra. Barnerakoia eta tristea da, baina edertasuna izugarria du. Niri ez zait asko gustatzen zinemara sufritzera eta beldurra pasatzera joatea. Ez da gehien gustatzen zaidan generoa Hanekerena, baina ez da dudarik, barrena astintzen dizu, eta hori ere ondo dator”.


