Haritz Salaberria: "Pasaiako birgaitzeak Altza, Herrera eta Bidebieta kontuan hartu behar ditu"
Haritz Salaberria – Ahaldun Nagusiaren Kabineteko kidea
Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen hiru urtetako lana gidatuko duten ildo estrategikoen berri eman die donostiarrei. Hauei azalpenak emateko ardura Haritz Salaberriak izan du.
Herritarrengana hurbildu eta hauen parte hartzea sustatzeko, bilera sorta egingo du aldundiak hainbat herritan. Lehena, atzo egitekoak ziren Aldundiaren jauregiko Jargi aretoan. Donostiarrekin elkartu aurretik, Ahaldun Nagusiaren Kabineteko kide Haritz Salaberriak (Lezo, 1978) IRUTXULOKO HITZAren galderak erantzun zituen. Ildo orokorretatik hiriari lotutako proiektuetara jauzi eginez.
Zein helbururekin antolatu dituzue bilera hauek?
Herritarren parte hartzea eta proposamenak egitera irits daitezen nahi dugu. Erronda hau udazkenean aurrekontuak lantzeko egingo den beste batekin lotzen dugu. Orain egitasmoez hitz egingo dugu, eta gero horiek aurrekontuetan nola jaso landuko genuke. Gure nahia egitasmoak partekatzea eta iritziak jasotzea da; horregatik, herritarrak parte hartzera eta ekarpenak egitera gonbidatzen ditugu.
Zer interes izan dezake donostiarrentzat hauetan parte hartzeak?
Foru Aldundia orain arte herritarrengandik urruti egon den erakundea izan da, bere harreman sarea eragile eta erakunde handiekin izan baitu. Herritarrek udalekin harreman naturalagoa dute, baina guk ematen ditugun zerbitzuek eta politikek ere zuzenean eragiten dietenez, gertutasuna lortu nahi dugu.
Zer ezagutaraziko duzue?
Legealdi honetako datozen hiru urteetarako ditugun egitasmo nagusiak zeintzuk diren azalduko dugu; eta, bide batez, urte honetan egindako lan nagusiak ildo horretan nola kokatzen diren.
Zeintzuk dira ildo horiek?
Gure ustez egungo Gipuzkoaren erronkak nagusiki bi dira: krisi ekonomikoari aurre egitea eta gatazkaren konponbidean eman beharreko urratsak egitea. Bi horietan aktiboa izan nahi du aldundiak. Planteatutako egitasmo nagusiak hauek dira: zerbitzu sozialak babestu eta indartzea, bide azpiegiturak eta mugikortasuna, hondakinen kudeaketa, garapen ekonomikoa eta zerga sistemaren inguruko lana.
Hamabost egun barru beste bilera bat egingo duzue hirian. Zertarako?
Helburua lehen bileratik bigarrenera herritarrek ildoen inguruan pentsatzea da; bigarrenera, ekarpen, proposamen edo ekintza zehatzak ekar ditzaten. Ildo nagusien inguruko eztabaida taldeak osatu edo hausnarketarako unea izatea nahi dugu. Arlo horiei dagokienean eskualdeak zer behar duen ikusi, eta horren gaineko ekarpenak egitea.
Herritarren parte hartzea behin eta berriro aipatu duzu. Ildo estrategikoen zehar lerroetako bat da, ezta?
Bai, hala da; eta zehar lerro bezala, protagonismoa eman zaio. Horregatik, beste zuzendaritza batzuekin batera, Kabinetean kokatu da; gainontzeko departamentuetan eragingo duen balio, filosofia edo lan egiteko modu bezala ulertuta.
Euskara ere horietako beste bat da. ‘Euskaldunen erroldak’ polemika izugarria piztu du. Zer irizten diozue?
Polemika hori gobernu honen kontra sortu nahi duten beldurraren estrategian kokatzen da. Herritarrei harremana zein hizkuntzatan izan nahi duten galdetzeak, eta hori libreki aukeratzeak, ez du inongo asmo txarrik edo separatistarik. Horri beste zerbait ikusi nahi dionak… Gainontzeko erakundeek ere egiten dituzte halakoak, eta erreminta interesgarri eta positiboa dela iruditzen zaigu.
Euskara irizpide bilakatu nahi al duzue?
Gure lehentasuna gipuzkoarrekin dugun harremana euskaraz izatea litzateke; euskara hutsean izateko aukera ematea. Bestalde, euskararen irizpidea kontratazioetan, diru-laguntzetan… jaso beharrekoa dela uste dugu.
Hautsak harrotu dituen beste alor bat hondakinen kudeaketa izan da. Aldundiak duen zero zabor politiken aldeko jarrera zertan gauzatzen da?
Hondakinen kudeaketa Gipuzkoak duen erronka nagusietako bat da. Legealdian asko hitz egin da honi buruz, eta asko hitz egingo da. Egitasmo nagusien artean hondakinen kudeaketa egokia ekarriko duen politikak bultzatzea dugu. Alor honetako gure eskumenak ez dira esklusiboak, bilketaren eta kudeaketaren eskumen nagusiak udalek baitituzte; baina uste dugu aldundiak parte garrantzitsua izan behar duela.
Nola?
Batetik, udalek aldundia bidelagun izango dute, politika horiekin lagunduz. Bestetik, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren parte denez, beharrezkoak diren azpiegiturak eraikiaz. Horrez gain, sentsibilizazio lana egin behar da. Denon arazoa da, herritar guztiona; eta aldundiak bere zatia egin behar du herritarrok beste modu batean kudea dezagun zaborren gaia.
Aldundiaren proposamenak hiriari lotuz, Donostialdeko Lurralde Zatikako Planaren(LZP) tramitatzea gelditu eta berria egiteko asmoa adierazi duzue. Zein oinarri izango du horrek?
Aurreko legealdian udaletan eta herrietan azpiegitura handien aurkako jarrera zegoenean, udalen planeamenduaren gainetik jarri, eta LZPa horiei toki egitera behartzeko tresna bilakatu zela ikusi dugu. Egungo Aldundiak ezin du horrela egindako plana onartu. Berria egin nahi dugu udalen eta herrien egiazko beharretan oinarrituta, ez azpiegitura handien inposaketan. Udalekin eta herritarrekin hitz eginez lortutako akordioetan oinarritutakoa izango da.
Pasaiako badiaren birgaitzea ere mahai gainean dagoen gaia da. Nola eragingo liokete aldundiaren asmoek Altza, Herrera eta Bidebietari?
Pasaiako biziberritzeaz hitz egiten denean, aurreko garaietan kanpo kaiarekin lotu nahi izan da. Orduan, portua osatzen duten lur hektareez hitz egin dute; eta horri dagokionean, Donostiarekin loturarik ez du. Baina Pasaia eskualdea da, eta honen biziberritzeaz mintzatzean, lur horiei buruz hitz egin beharrean, biztanleei eta herriei buruz aritu beharko litzateke. Biziberritzeak kontzeptu zabal gisa ulertzen dugu. Inguru guztiari eragin behar dio eta horrek ekarpen garrantzitsua egiten dio Donostiari. Gipuzkoako eta baita Donostiako populazioaren parte handi bat bertan bizi da. Pasaiako birgaitzeak Altza, Herrera eta Bidebieta kontuan hartu behar ditu, berdin da hektarea horiek zein herritako lurretan dauden.
Autobus geltokiari dagokionez, martxoan aldundiak Loiolako Erriberako proiektuaren alde egin zuen, nahiz eta udalak erabakitakoa babestuko duela aurreratu. Zergatik?
Erabakia ez dagokio aldundiari, baina argi dugu Donostiako autobus geltokiak Gipuzkoa osoari eman beharko liokeela zerbitzua. Intermodalitateak giltzarria izan behar du, baina ez hiri barrura begira, herrialde osoari begira baizik. Bilbora, Gasteiza, Madrilera edo kanpora joateko autobusa hartu nahi duten gipuzkoarren gehienek, hortik pasa beharko dute. Hori kontuan hartzea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta aldundiari tokatzen zaio ikuspuntu hori jartzea proiektuari.
Mugikortasunaren alorrean, bidegorri sarea indartzeko asmoa ere baduzue. Nola eragingo dio hiriari?
Egoera ekonomikoa dena da, eta horretan ere ez da diru nahikoa izango egin nahi den guztia egiteko. Lurralde kudeatzeari emango diogu garrantzia, beraz, eskualde arteko bidegorriek izango dute lehentasuna, eskualde barruko mugikortasuna errazten dutenekin batera. Betiere, Gipuzkoako oreka ahalbidetuz.
Kulturara joaz, Tabakalera da kultur azpiegiturei dagokienez hiriaren erronka nagusia. Zein da proiektuaren egungo egoera?
Aldundian daramagun urtebetean udalarekin eta beste erakundeekin batera, proiektuarekin aurrera jarraitu dugu. Gobernu berria proiektua zertan den aztertzen aritu da, baina ez da inondik ere geldituta dagoen proiektua. Aldundiak Gipuzkoa eraldatzeko beharra eta gauzak egiteko modu berri bat dagoela azaldu du; eta hori da guk Tabakaleran jarri nahi dugun marka. Lana denen artean egitea da eman nahi diogun berezitasuna.
Artelekuren egokitzapena gauzatu beharreko beste lan bat da. Eperik zehaztu al duzue?
Oraindik zehaztu gabe dago. Artelekuk bere espazioari dagokionez duen behar handienetako bat uholdeek eragindako kalteak konpontzea da. Horregatik, proiektua birdefinitzen ari gara.
Hiriko arazo nagusietako bat etxebizitzarena da. Alor honetan eragiteko zer egin dezake aldundiak?
Zerga sistema aldundiaren eskumenetako bat da, eta udalekin lantzenari garabigarren etxebizitzak gehiago konbratzeko aukera. Halako proposamen bat egina du ogasun departamentuak, baina zerga sistemaren gaineko erabakiak Batzar Nagusiek hartzen dituzte. Proposamenak, beharrezkoa eta interesgarria izateaz gain, arazo batzuei irtenbidea ematen die; baina arriskua gainontzeko alderdiek blokeatzea da. Beraien beharra dago proposamen horiek aurrera eramateko, eta horretan ari gara lanean.