Monpaseko pasabidea aztertzeko lan taldea osatuko dute
Monpaseko pasabidea egin behar den ala ez eztabaidatzeko lan taldea osatuko dute. Udal talde bakoitzeko ordezkari banak hartuko du parte eta uztaila baino lehen zirt edo zart egingo dutela azaldu du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. Lan taldea osatzeko Bilduk emandako pausoa txalotu du Gascok, «pentsatu gabe pasabideari ezetz esateko asmoa zuzendu dute», dio.
Espainiako Gobernuak Saguesetik Uliako labarretatik barrena joango den pasabidearen proiektua egin du. Orain, pasabideak mendi magalean zein eragin izango duen aztertu eta pasabidea mantentzeak zer nolako gastua eragingo duen neurtuko dute lan taldea osatuko duten ordezkariek.
PSE-EEko bozeramaileak, era berean, udal ordezkarien gehiengoak pasabidearen alde egingo balu, udal gobernuak gehiengoaren nahia errespetatzeko eskaera egin du.


