Bi urte barru hasiko dira Martuteneko zubi berria eraikitzeko lanak
Ibaiaren zabalera handitzeko 41 etxe botako dituzte eta enpresa batzuk lekuz aldatuko dituzte
«Udalak zor historikoa du Urumea ibarrean dauden Loiola, Txomin Enea eta Martutenerekin», dio Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak. Zor hori, ordea, ezin da egun batetik bestera berdinduko, urteetako planifikazioaren ondorio izango da. Uholdeak iraganeko amesgaizto izan daitezen, Martuteneko zubia berritzea izango da Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziak ondorengo urteetan aurreikusi duen eginkizun nagusienetako bat. Egungo zubia eraisten hasteko 2014. urtea izan daitekeela kalkulatu du Burutaranek. Makinak Martutenera heltzerako, ordea, Donostiako Udalak lursailak prest izan behar dituela azaldu du, zubi berriak eta zubiari lotutako gainontzeko proiektuek egungo Martuteneko ibarra goitik behera eraldatuko baitute.
Egungo zubia 28-29 metro luze bada, berriak 50-54 metro inguruko luzera izango du. Zabalagoa izango da eta egun baino maila altuagoan egongo da. Auzoak bizpahiru metro gora egingo dituela azaldu du Hirigintza zinegotziak. Eraldaketa handia izango da, ibai bazterrean dauden 41 etxe bota beharko dituztelako eta Urumea ondoko industrialde eremua lekuz aldatu beharko dutelako.
Neurriak, hizpide, udalbatzan
Aldaketa horiek guztiak finkatzen joateko, baina, beharrezkoa da udalbatzak Plan Orokorra egokitzea. Izan ere, Abiadura Handiko Trenaren ibilbidea zehaztu bitartean, Martuteneko zubia inguratzen duten Portutxo, Sarroeta eta Trinketeko eremuetan ezer ez egiteko agindua ezarrita zegoen. Bada, Martuteneko ibarrak izango duen eraldaketa taxutuko duen plan berezia garatu ahal izateko agindu hori bertan behera uztea adostuko du gaur udalbatzak.
Hirigintza batzordean plan orokorra egokitzeko proposamenaren berri eman zutenean udal taldeek aho batez onartu zutela azaldu du Ricardo Burutaranek; gaurko bilkuran, beraz, ezustekorik ezean aurrera egingo luke izapideak. Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak, gainera, baiezko botoa emango dutela berretsi du. Era berean, uholde arriskuari irtenbidea emateko Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziako ondorengo urteetan 70 milioi euro inbertitzeko asmoa duela goraipatu du.
Plan berezia
Honenbestez, Urumeak Martutenen inongo oztoporik gabe aurrera egin dezan, pauso ugari eman beharko dira. Hala, Plan Orokorra egokitzeko pausoa udalbatzak etengo ez balu, herritarrek hiru hilabete izango lituzkete alegazioak aurkezteko. Ondorengo hilabeteetan, gainera, Urumeako ibarrak izango duen eraldaketa xehatuko duen plan berezia aurkeztuko du Hirigintza Sailak. Plan «irekia» izatea nahi dutela azpimarratu du Ricardo Burutaranek. Mahai gainean «proposamen desberdinak» jarriko dituztela eta auzotarrek batzuen eta besteen artean euren iritzia plazaratzeko aukera izango dutela jakinarazi du.
Uholdeak ekiditeko Ura agentziak duen planifikazioa, ordea, ezingo da eraldatu. Ibaiak egungoa baino zabalera handiagoa izan dezan, ibai bazterrean dauden 41 etxe bota beharko dituzte eta 6.000 metro koadroko eremuan dauden enpresak lekuz aldatu beharko dituzte. Futbol zelaia ere ez da egungo lekuan egongo, Zapiraingo eremuan baizik. Enpresak Mateogaineko lursailetara mugitzea aurreikusi dutela adierazi du Hirigintza zinegotziak.
Hasiera batean, Martuteneko zubi berria eraikitzen hasteko, zubiaren ondoan bizi diren hiru eraikinetako bizilagunei irtenbideren bat bilatu beharko dietela jakinarazi du Ricardo Burutaranek. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, bada, behin behineko lekualdatzeetarako Morlansen zozketatu gabeko etxeak dituztela azaldu du. Era berean, 2014rako Txomin Eneako egitasmoak aurrera egingo balu, bertara bidaltzea beste aukera izango luketela zehaztu du zinegotziak.

