Autobus geltokiak bereganatuko du osoko bilkurako arreta nagusia
Orain arte, mozio eta erakunde adierazpenak izan dira hileroko udalbatzarretako protagonista. Gaurkoan, ordea, autobus geltokia izango da eztabaida guztien ardatz.
Lau udal taldeek aurrez adierazi dute zein izango den beren jarrera. Bilduko zinegotziek Loiolako Erriberako kokalekuaren alde egingo dute. Oposizioko alderdiek, berriz, Atotxaren alde. Bilduk, halere, «arduraz jokatzeko» eskaera egin die oposizioko udal taldeei. PP eta EAJri, batik bat, azpiegitura Loiolako Erriberan egiteko asmoa agertu zutelako hasiera batean. Bilduko zinegotziek, gainera, Atotxako geltokiak ingurumen eraginari buruzko azterketarik ez duela plazaratu zuten aurreko astean. PSE-EEk, berriz, hasierako proiektuan agertu ez bezala, Loiolako Erriberako azpiegiturak lur azpiko uretatik babesteko hormigoizko hormak beharrezkoak izango dituela azaldu du.
Ika-mikarik, beraz, ez da faltako. Autobus geltokiaren behin betiko kokalekua zehazteko osoko bilkura erabakiorra izango ote den ikusi beharko da, ordea.
Gainontzean, Urumeako ibarrean uholdeak ekiditeko Plan Orokorraren egokitzea eta Bilduk eta EAJk adostutako inbertsio planaren inguruko eztabaidak izango dira udalbatzarreko beste arreta gune nagusiak.
Osoko bilkura 13:00etan hasiko da, eta bertan gertatzen denaren berri emango du IRUTXULOKO HITZAk.