Izagirreren ustez, EAJekin adostutako inbertsio planak egonkortasuna emango du
Gaurko osoko bilkuran 2012 eta 2015 urteen bitarteko inbertsio plana onartu dute. Bilduk eta EAJk aldeko botoa eman dute. PPk eta PSE-EEk abstentzioa eman dute, beraiek aurkeztutako emendakin batzuk onartu eta gero. Jabi Vitoria Ogasun delegatuak inbertsio plana hiriarentzako “berri ona” dela esan du: “Diru sarrerak gastuak baino handiagoak dira”.
Juan Karlos Izagirreren ustez, EAJekin adostutako inbertsio planak egonkortasuna emango dio hiriari. EAJko Eneko Goiak inbertsio plana “zorrotza, errealista eta arduratsua” dela esan du. Goiaren iritziz, superabita izanez gero, Illunbera bideratu beharko litzateke. Vitoriaren ustez ere inbertsio plana errealista eta arduratsua da: “Behar asko dago, baina lehentasunak ezarri behar dira”.
PSE-EEko Ernesto Gascok adierazi du Izagirrek autobus geltokiaren aferaren inguruan azaldutako egoskorkeriak inbertsio plana adosteko oztopoa izan dela. PPko Jose Luis Arruek, berriz, Illunberen salmentek ekarriko duten diru sarrera zalantzan jarri du.
PPk Martutene uholdeen aurka babesteko inbertsioa handitzeko emendakina aurkeztu du, eta udalbatzak onartu egin du. Hiriko gune altuenetan dauden auzoetan irisgarritasuna hobetzeko eta igogailuak jartzeko inbertsio handiagoa ere eskatu du PPK. 100.000 euroko inbertsioa onartu du udalbatzak. PSE-EEk, berriz, Loiolako Erriberako autobus geltokiaren inguruan txosten bat egiteko aurreikusita zegoen gastua kentzea proposatu du emandakin batean. 40.000 euroko gastua inbertsio planetik kentzea lortu du. Karlos I. hiribidearen bulebarizazioaren aldeko emendakina ere onartu dute.