Karmele Esnal hil da
Elbira Zipitria andereñoarekin ikasi zuen. “Elbira oso pedagogo ona zen eta nik asko zor diot, guztia ikasi bainuen berarekin”, esan zuen 2009an Irutxuloko Hitzak egindako elkarrizketa batean. 1954 eta 1955 ikasturtea eman zuen Zipitriarekin, Parte Zaharrean. Karmele Esnalek 21 urte zituen orduan.
Ondoren bere bidetik egin zuen; Erdialdeko eskola batean hasi zen haurrei eskolak ematen. Pedro Egaña kalean Erdialdeko, Atotxako eta Antiguako haurrak hartzen zituen: “Gela txiki batean lurrean eserita egon ohi ginen. Ostegunero paseatzera joaten ginen, kantari, Elbirak egiten zuen bezala”.
1997a arte, jubilatu arte, Santo Tomas Lizeoko irakaslea izan zen. Euskaltzalea zen Esnal. Bagera Euskaltzaleen Elkartearen sorreraren bultzatzaileetako bat izan zen. Mintzalaguna programan parte hartzen zuen.
Zurriolako ikastolaren sortzaileak Kontxita Beitiak eman dio gaur Irutxuloko Hitzari Karmele Esnalen heriotzaren berri. Hark ere, Esnalekin batera Aldundiaren omenaldia jaso zuen 2009an. Lehen andereñoek egindako lana saritu zuen Aldundiak eta urrezko domina eman zien. “Momentu hauetan berarekin bizitako une onenekin gogoratzen naiz. Oso momentu ederrak izan dira. Oso penatuta gaude, baina lasai nago, gutxi sufritu duelako. Gainera euskararen alde egindako lana aitortu diote. Jendearen esker ona jaso zuen hil aurretik”, adierazi du Kontxita Beitiak.