The Boss-en kontzerturako atzerako kontaketa hasi da
Bruce Springsteen-ek 35.000 zaletik gora izango ditu zain larunbatean; Anoeta Estadioan eszenatokia muntatzen hasi dira jada
Hiru egun falta dira The Boss Anoeta Estadioko agertokira igotzeko eta 35.000 jarraitzaile baino gehiagok bere abestiak kantatzen eztarriak urratzeko. Iazko abendutik, sarrerak erosi zituztenetik, zain daude Bruce Springsteen-en zaleak. Egun bakarrean 33.850 sarrera saldu ziren. 2008ko uztailean izan zen Donostian, eta lau urteren ondoren berriz itzuliko da New Jerseyko rockero zaharra. Wrecking Ball diskoko kanta berriak aurkeztuko ditu zuzenean. Sevillan ekin zion Europako birari, joan den maiatzaren 13an. Hiru orduko ikuskizuna eskaini zuen. Abesti berriak zein klasikoak tartekatu zituen, zaleen gozamenerako.
The E Street Band izango da Springsteen-ekin. Clarence Clemons Big Man faltako da kontzertuan. Saxofoi jotzailea 2011n hil zen. 70eko hamarkadatik Springsteenen ondoan izan zen, bere kolaboratzailerik fidelena. Steven Van Zandt gitarristarekin batera taldeko kiderik garrantzitsuena. Bere ilobak Jake Clemons-ek ordezkatu du bira honetan.
Pixkanaka Anoeta Estadioa larunbaterako prestatzen hasi da. Joan den astean atletismo pista estaltzen hasi ziren, garraio makinek kalterik ez eragiteko. Eta atzo, eszenatokia muntatzen hasi ziren. Ostiralean hasiko dira argi eta soinu makinak jartzen.
Sarrera gutxi geratzen dira larunbateko kontzerturako, 1.000 baino gutxiago. Ticketmaster sarean eskura daitezke. 93,60 euroko sarrerak daude eskuragarri (banaketa gastuak barne).