Karmele Esnal hil da, andereño aitzindaria eta euskaltzalea
Ostiralean gaixotu zen Esnal, eta orduz geroztik buelta eman ezinik ibili da. Bihotzeko gaixotasun bat eta arnasteko arazoren bat bazuen ere, osasuntsu zegoen.
Zazpi urte zituela Donostiara lekualdatu zen Esnal bere familiarekin. 1953an, magisteritza ikasketak bukatzear zituela Elbira Zipitria andereñoarekin egin zituen praktikak.
Urtebete geroago bere bideari ekin zion; Erdialdean eskola bat ireki zuen haurrei eskolak euskaraz emateko. 2009an Irutxuloko Hitza-ri emandako elkarrizketa batean, Zipitriak animatu zuela ekarri zuen gogoran. «Elbira oso pedagogo ona zen eta nik asko zor diot, guztia ikasi bainuen berarekin». 1965. urtean Santo Tomas Lizeoari alokatutako gela bat erabiltzen hasi zen. Lau urteren bueltan, berriz, irakaskuntza erakunde horren zabaltzean, Esnal Lizeoko irakasle bilakatu zen. Ia 30 urte eman zituen Donostiako lehen ikastola handian, 1997an jubilatu zen arte. Bere andereño karrera osotik 13 urte klandestinitatean egin behar izan zituen.
Ikasle izandakoak ere gogora ekarri zituen Esnalek Irutxuloko Hitza-ri emandako elkarrizketan, beti present izaten zituelako: «Opari asko egin zizkidaten, eta etxean ditudan gauza asko eman zizkidaten. Argazki asko ere baditut, bertan Miren Azkarate, Joxe Mari Zinkunegi, Aizpea Goenaga, Ramon Agirre, Iñigo Lamarka eta beste hainbat azaltzen dira guztiak ikasle izandakoak baitira».
Euskaltzalea zen Esnal, eta Donostiako euskalgintzaren sustatzailea ere. Izan ere, Bagera Euskaltzaleen Elkartearen sorreraren bultzatzaileetako bat izan baitzen 1991. urtean. Gerora ere, harremanetan jarraitu zuen elkartearekin eta Mintzalaguna programan parte hartzen zuen. Lehen andereñoek egindako lana saritu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2009an,urrezko dominarekin. Esnalek 1999an Abbadia Saria jaso zuen.
Zurriola Ikastolaren sortzaile Kontxita Beitiak ere jaso zuen aldundiaren omenaldia. Esnalen heriotzaren harira egunkari honi egindako adierazpenetan harekin egindako lanak izan zituen gogoan: «Momentu hauetan berarekin bizitako une onenekin gogoratzen naiz. Oso momentu ederrak izan dira. Oso penatuta gaude, baina lasai nago, gutxi sufritu duelako. Gainera euskararen alde egindako lana aitortu diote. Jendearen esker ona jaso zuen hil aurretik».