
Bihar, larunbatean, 21:00etan Bruce Springsteen abeslariak Anoetako estadioan emango duen kontzerturako prest daude zaleak. Gaur 16:00etan Donostiatik, Europako hainbat herrialdetatik eta AEBtatik etorritako 150etik gora zeuden itxaroten, ilaran. Zaleek beraiek antolatuta, ilara “birtuala” osatu dute. Kontzertu eremuaren atarira azaldu, eta izena eman ondoren, zenbaki bat egokitzen zaie. Hain zuzen, sartzeko ordena ezarriko diena. Hurrenkera horretan duten postua mantentzeko, zerrenda pasatzeko hitzorduetan itzuli behar dute gune horretara. Bien bitartean nahi duten tokira joan daitezke. Zale talde txiki bat bertan gelditzen da zenbakiak esleitzeko etorri berriei. Hurrengo hitzordua 21:00etan izango da, kontzertua hasi baino 24 ordu lehenago.