Parte Zaharreko zirkulazio aldaketek auzotarrak ez zigortzeko eskatu dute
Hartutako neurrien berri eman eta bizilagunen proposamenak jaso dituzte Mugikortasun arduradunek
Moto aparkalekuak lekuz aldatu, zamaketarientzako banaketa gune berriak eta auzoa zeharkatzeko ibilbideak zehaztu dituzte eta sartu-irtenak kontrolatzeko kamerak jarri dituzte. Denbora gutxian mugikortasunari lotutako aldaketa ugari egin dituzte Parte Zaharrean. Eraldaketa eta antolaketa berriaren inguruko xehetasunak emateko eta bizilagunen zalantzak argitzeko bilera egin zuten herenegun San Telmo museoaren ekitaldi aretoan.
Axier Jaka Herri Partaidetza zinegotziarekin, Xabier Vazquez udal aholkulariarekin eta Leire Agirre Mugikortasun teknikariarekin batera, ehun bat bizilagunek parte hartu zutela aditzera eman du Xabier Arberas Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak. Bizilagunek auzoa «oinezkoa» izatea nahi dutela eta beraiek sortu ez duten arazo batengatik bizilagunak ez zigortzea izan ziren herenegun egindako aldarrikapenetako batzuk.
Proposamen asko egin zirela azaldu du Arberasek. Parte Zaharrean oinezkoek lehentasuna dutela albo batera utzi gabe, bizilagunek hainbatetan autoz sartzeko aukera izan beharko dutela azaldu du Arberasek. «Norbaitek etxean obrak egin dituelako, etxeko altzariak aldatu edo hozkailu berria jarri duelako beharrezkoa izango du autoa etxeko atariraino sartzea», dio. Hori dela eta, bizilagun bakoitzak hilero hiruzpalau aldiz auzoko kaleetatik autoz sartzeko baimena izatea proposatu dute auzotarrek. Auzoan izaten diren «oztopoak» direla medio, «hainbat gremiotako langileek ez dute Parte Zaharrera hurbildu nahi izaten», zehaztu du.
Parte Zaharrean bizi diren sei mila lagunetatik %30ek 65 urtetik gora dute. Horietako askok, behar bada, autoarekin atariraino hurbiltzeko beharra izango dute maiz. Bizilagun horiek baimena eskatu beharko dute. Baimen horiek lortzeko izapideak erraztea izan da, hain justu, beste eskaeretako bat.
Banatzaileentzat gordetako eremuak ontzat jo dituzten arren, Koruko Amaren plazakoa ez du Parte Zaharrean bizi elkarteko kideak ondo aukeratu dutenik uste. «Traba handiak ditu eta egokiagoa izango litzateke Migel Muñoa plaza aldera jaitsiko balute», dio. Konstituzio plazara joateko, halaber, kamioi eta autoak «Parte Zaharreko bihotzeraino» sartzen direla esan du. Halere, zamarekin Bulebarretik Abuztuaren 31raino joan behar ez izateko erraztasunak jartzea ulertzen duela erantsi du Parte Zaharrekoak. Dena den, kaia erabiltzeko –Eusko Jaurlaritzak du eskumena– aukera handiagoa balego, zamalariek Portaletik Konstituzio plazara zuzenean heltzeko aukera izango luketela proposatu du.
Motoak kanporatu
Xabier Arberas, bestalde, hirian motoak duen erabilera handiarekin harrituta dago. «Donostian 27.000 moto daude eta gurea bezalako hiri batean astakeria da», dio. Moto horietako asko, bada, aisia edo bestelako arrazoiak direla -eta Parte Zaharrean uzten dituzte. Kaitik hurbilen bizi diren auzotarrak motoei utzi dieten lekuagatik kexu direla nabarmendu du, autoa uzteko leku gutxiago dutelako. Arberasen esanetan, bizilagun askoren arabera, «motoek espazio gehiegi dute eta beharrezko jo dute barruko kaleetatik kanporatzea».
Bizilagunek, gainera, motozale eta txirrindularien arteko bereizketa egin nahi dute. Bizikletak ibilgailuak badira ere, auzotik ibili ahal izateko «malgutasun handiagoa» izatea eskatu du Arberasek.
Udal gobernuak, bestalde, Askatasunaren hiribidetik Bulebarrera bitartean dagoen aparkalekua bizilagunentzat bilakatzeko proposamena egin zuen. Oposizioko hiru udal taldeek, ordea, aukera hori baliogabetu zuten. Parte Zaharreko bizilagunak jakinarazi duenez, hainbat auzokidek oposizioak hartutako erabakia kritikatu dute.


