Bollywood, haur motrizidadea eta triatloi-indoor, eskaintza berria
Astelehenean zabalduko dute datorren ikasturteko Kirol Ekintza ikastaroetan aurre izen emateko epea
Datorren ikasturtean zein kirol jardueratan izen emango dugun pentsatzeko une heldu da. Donostia Kirolak prest du 2012-2013an eskainiko dituen kirol ikastaroen zerrenda eta astelehenean zabalduko dute aurre izen emateko epea. Denera, 82 kirol ekintza eta 1.474 ikastaro prestatu dituzte. 25.649 plaza eskainiko dituzte, iaz baino bi mila plaza gehiago. Aukeratu daitezkeen kirolen artean, gainera, bada berritasunik. Hiru izango dira datorren ikasturteko ikastaro berriak: Bollywood, 6-7 urte bitarteko haurrei zuzendutako haur motrizitatea eta triatloi-indoor. Azken hori egiteko Belodromora edota Paco Yoldi kiroldegira joan beharko da. Haur motrizitatea Benta Berrin, Paco Yoldin eta Intxaurrondon eskainiko dute; Bollywood, berriz, Zuhaiztin.
Plazaren bat eskuratzeko astelehenean zabalduko dute aurre izen ematea. Hilaren 19ra arte egin ahal izango da internet bidez edo aurrez aurre Donostia Kirolak Anoetan dituen bulegoetan zein kiroldegietan.
Plazen zozketa uztailaren 10ean egingo dute eta ordainketa egiteko azken eguna irailaren 6a izango da.
Urriaren 1ean hasiko dira ikastaroak.

