Azu Muguruza: "Azken batean, jokalariek irabazi duten eskubide bat da"
Azu Muguruza, EHU Ibaetako entrenatzailea
Taldea sortu zenetik, Azu Muguruza izan da EHU Ibaetako entrenatzailea; beheko mailetan hasi zen proiektua, eta azken bost urteak Bigarren Mailan egin ostean, gorenera igo daiteke
Espainiako Lehen Mailako Ligan jokatzeko aukera zabaldu zaio EHU Ibaetari, Donostiako emakumezkoen saskibaloi taldeari. Bigarren Mailako Ligan, hirugarren talderik onena izan da, eta bere aurretik geratutako bi taldeek igoera lortu dute zuzenean. Lehen Mailako talde bat, Ros Casares, desagertu egin da ekonomia arazoengatik. Beraz, beharrezko dirua biltzen badu, datorren urtean Lehen Mailan lehiatu daiteke, duela 18 urtetatik Azu Muguruzak (Antigua, 1968) zuzentzen duen taldea. Uztailaren 6a da taldeak izena emateko duen epe muga.
Denboraldi borobila osatu duzue; Ligan zuen multzoko lehenak izan zarete, Espainiako Unibertsitateen arteko Txapelketa irabazi duzue…
Bai. Beti bi lehia jokatzen ditugu batera denboraldi bakoitzean, Liga eta unibertsitatekoa. Bigarren Mailako Liga bi multzotan banatua dago, eta gure multzoko lehenak izan ginen, etxeko partida guztiak irabazita, eta guztira bost porrot bilduta. Bi multzoetako lehenengo lau sailkatuek igoera fasea jokatu genuen Huelvan. Hirugarren postuan geratu ginen, etxeko taldearen aurka finaletako bat galduta. Bestetik, unibertsitate arteko txapelketa jokatu genuen. Aurreko faseak jokatu ostean, Almerian txapeldun izendatu ginen. Beraz, datorren urtean, unibertsitateen arteko Europako Txapelketa jokatuko dugu Kroazian. Iazko udan ere parte hartu genuen, Cordoban izan zen, eta laugarren postuan geratu ginen.
Baina orain mailaz igotzeko bigarren aukera bat duzue.
Igoera fasean, lehenengo bi postuetan geratu zirenek maila igoera lortu zuten zuzenean. Hala ere, Lehen Mailako talderen batek jokatzeari uzten badio edozein arrazoiengatik, Bigarren Mailako hirugarren sailkatuari dagokio postu hori; jaitsitako taldeen aurretik. Hori da guri gertatutakoa, Ros Casaresek bere tokia utzi duenez, leku hori guri dagokigu.
Noiz eta nola jaso zenuten albistea?
Albisteak modu askotara iristen hasi ziren. Gainontzeko klubetako bat baino gehiagok deitu zigun aukera genuela esanaz, berehala galdetzen hasi ginen, eta Espainiako Saskibaloi Federaziotik baieztatu egin ziguten. Klub horrek, Ros Casaresek, bere tokia saldu dezake, eskubidea badu, baina oso ez da bideragarria.
Lehenago ere jokatu izan dituzue igoera faseak. Zein izaten da zuen helburua?
Gure nahia lehiatzea da. Igoera fasera joan izan gara, talde faboritoa ez garela jakinda, eta baliabide gehien dituena ez garela jakinda. Hala ere, beti joaten gara lehiatzera, eta ahalik eta gorenen geratzen saiatzera. Gure baliabideak murritzak dira, baita Bigarren Mailarako ere, baina beti jarraituko dugu aurrera gure filosofiarekin, etxeko jokalariekin jokatuz. Gipuzkoarrak dira gehienak, eta unibertsitate ikasleak, gainera. Beraz, ekonomia aldetik Lehen Mailara igotzeko aukera badugu, horretan saiatuko gara. Azken batean, jokalariek irabazi duten eskubide bat da; eurei goian jokatzeak poztu egiten dienez, aukera eman behar zaiela uste dut.
Jokalariek zer diote zehazki?
Hasieran sekulako ezustekoa hartu zuten, eta egia dela konturatu direnean, poz handia hartu dute. Hiru urte daramatzagu talde oinarri berarekin lanean, eta elkarrekin jarraitzeko gogoz daude. Euren artean asko laguntzen dira eta halako zerbait egiteko gogo biziz daude. Gipuzkoa guztiarentzat ere pozgarria izan behar dela uste dut, hainbeste jokalari gipuzkoar dituen talde bat gorenean izatea lorpena dela iruditzen bait zait. Jokalari guztiek zerbait dute taldeari emateko, eta horrek taldearen emaitzak eta eraginkortasuna hobetzea lortu du.
Zenbat diru behar duzue?
Taldeak Lehen Maila izena emateko, 70.000 euro behar ditugu berme moduan, eta aurrekontua indartu behar dugu. Badaude Bigarren Mailan ez dauden gastu batzuk. Ez dugu aurrekontua gehiegi handitu behar, baina zerbait bai. Horretan gabiltza, eta ea zerbait lortzen dugun.
Partidetara joateko bidaiak luzeagoak dira Lehen Mailan?
Aldaketa txikia izango litzateke, Bigarren Mailan ere bidaia luzeak izaten ditugu. Gainera, Lehen Mailan talde gutxiago daudenez, Liga motzagoa da.
Unibertsitateak zerbait gehiago egin dezake?
Azken hogei urteetan unibertsitateak emakumeen kirolagatik asko egin du. Orain, kontua ez da unibertsitateak guri laguntza gehiago ematea. Unibertsitateak emakumezkoen kirola babesten jarraitu behar du, kasu honetan, saskibaloia. Gainera, gure jokalariek kirol arloa lantzeaz gain, etorkizun profesionala bermatua dute. Beraz, unibertsitatearen babesa ona eta nahikoa dela uste dut.
Emakumezkoen kirolaren garrantzia igotzen ari dela uste duzu?
Betiko kontua da. Berdintasun sail asko daude, baina hori ez da errealitatea. Aitzakia izaten da, emakumezkoen kirola ez dela ikuskizuna, egia baita ez duela gizonezkoen adinako ikusmirarik sortzen; baina gutxienez gure taldeak Gipuzkoako gizarteari asko ematen dioela uste dut. Ezin zaio hainbeste diru eman gizonezkoen kirolari eta hain gutxi emakumezkoenari, non dago berdintasuna? Erakundeek babestu beharko gintuzketela uste dut.
Biurrarena babesle bezala duela hiru urte galdu zenutenetik, ez duzue beste babeslerik lortu.
Babesle pribatuentzako badakigu gauzak oso gaizki daudela. Hala ere, askotan badirudi jendea horren atzean babesten dela, zentimorik ez emateko. Ez dugu dirutzarik eskatzen.