Gipuzkoako Foru Aldundia Igeldoren desanexio eskaria «sakon aztertzeko» prest dago
Igeldotarrek desanexioaren alde jarraitzen dute lanean. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera egiteko eskaera egin zuten Igeldoko Itsas Aurre elkarteko kideek eta haien aldarrikapenak ozenago entzun zitezen elkarretaratzea egin zuten larunbatean Gipuzkoa plazan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Itsas Aurreren nahia bete da eta atzo batzartu ziren Garbiñe Errekondo Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko diputatuarekin. Desanexioaren alde lanean ari diren elkarteko ordezkarien azalpenak entzun ondoren, «afera sakon aztertzeko konpromisoa» hartu du aldundiak. Itsas Aurreko egungo presidenteak, Juan Luis Kruzek, egoeraren berri emateko bilera izan zela azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri.
1995etik ari dira desanexioaren alde dauden igeldotarrak borrokan eta urte horietan pilatutako dokumentazioak nahiz izandako gorabeherak kontatu dizkiote Errekondori. «Harrera ona» izan dutela azpimarratu du Kruzek.
2010eko martxoaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiak desanexio eskaerari uko egin zion. Aldundiak mahai gainean jarritako argudioak «pisu gutxikoak» zirela plazaratu zuen garai hartan Itsas Aurre elkarteko kide eta egungo alkate Juan Karlos Izagirrek. Hori dela eta, Foru Aldundiaren erabakiaren aurka, helegitea aurkeztu zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Epaiketa prozesua amaituta, ebazpena «bospasei hilabetetan ala lehenago» kalera daitekeela adierazi du Itsas Aurreko presidenteak. Har dezaketen erabakiarekin, gainera, «itxaropentsu» dago Itsas Aurreko presidentea. Desanexio eskaera 1995. urtean egin zutela eta eskaera hori orduan indarrean zegoen 1986ko lurraldetasunaren inguruko legea zuela oinarri azaldu du. Igeldok, beraz, «lege hartan ezarritako baldintzak betetzen» dituela ziurtatu du Juan Luis Kruzek.
«Bere garaian erabaki politikoa» izan zela uste dute egun Itsas Aurre gidatzen duten ordezkariek eta «gobernu aldaketarekin aukera berria» izan dezaketela uste dute. Horregatik egin zuten batzartzeko eskaera. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Itsas Aurre elkartearen eskariz egin dute bilkura, «Igeldoko herritarrek beren etorkizunari buruz esateko dutena entzun nahi» duelako aldundiak.