Izarrak Plazara, gazteentzako talentu lehiaketa
Izena emateko epea ekainaren 22a arte izango da zabalik
Intxaurrondoko Plazara Goaz eta Donostia Kulturaren lankidetzaren ondorioz sortutako ekimena da Izarrak plazara talentu lehiaketa. 18 urtez azpikoek euren abileziak erakusteko aukera izango dute. Musika jo, kantatu, dantzatu, antzerkia egin, txisteak kontatu, bakarrizketak egin, magia ikuskizunak… Helburu nagusia ongi pasatzea da, euskarazko sormen artistikoa bultzatzeko. Taldean edo bakarka egindako lanak aurkez daitezke. Gehienez 5 minutuko saioak izango dira. Ainhoa Aierbek, Barry Manleyk, Edu Muruamendiarazek eta Itsaso Gutierrezek osatutako epaimahaiak baloratuko dituzte lanak. Epaimahaiak aukeratzen duen ikuskizun onenak 500 euroko saria eskuratuko du. Publikoak aukeratzen duen lan onenak, berriz, 300 euro. Sariak teknologia berrietan eta kultur bonoetan emango dira.
Izena emateko epea ekainaren 4an zabaldu zuten, eta hilaren 22ra bitartean izango da zabalik. Horretarako, plazaragoaz@gmail.com edota intxaurrondo@donostia.org helbideetako batera idatzi behar da, eta taldekide guztien datuak eman: izen-abizenak, adina, harremanetarako telefonoa, posta elektronikoa eta ikuskizunaren azalpena.
