'Ziztadak' dokumentala emango dute hilaren 18an
Euskal Herrian izandako hainbat herri mugimenduren inguruan dihardu Ziztadak (Tabanos) film dokumentalak. Zerbitzu militarraren aurrean sortutako intsumisioa, Itoizko urtegiaren eta Lemoizko zentral nuklearraren aurkako protestak, ikastolen sorrera… Horiek guztiak desobedientzia zibilaz sortu ziren, eta bortizkeriarik gabeko ekimenak izan ziren. Beraien bidez hainbat lorpen egin zirela erakutsi nahi izan dute egileek.
Joan den Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zuten. Aukera hura galdu zutenentzako beste emanaldi bat prestatu dute hilaren 18an, Koldo Mitxelena Kulturunean, 19:00etan.
Proiekzioa ez ezik, solasaldirako tartea ere izango da emanaldian. Filmeko protagonistetako bat izango da bertan: Kontxita Beitia, lehen andereñoetako bat. Aitziber Blancok (Lokarri) eta Iñaki Otamendik (Bidea Helburu) ere parte hartuko dute.
Hurrengo egunean, ekainaren 19an, filma gaztelaniaz proiektatuko dute leku berean eta ordu berean. Mabel Cañada (Lakabe), Igor Ahedo (EHUko irakaslea eta Errekaldeko Bizilagunen Elkarteko kidea) eta Sabino Ormazabal (Bidea Helburu) izango dira solasaldian.
Bidea Helburu euskal taldeak eta Fora de Quadre Kataluniako Kazetaritza Elkarteak elkarrekin sortutako lana da Ziztadak. Azken batean, Bidea Helburu taldeak 2009an argitaratutako Indarkeriarik gabeko 500 ekintza. Historia kontatzeko beste modu bat liburua da filmaren oinarria.
