Miramongo parkean «utzikeria» dela nagusi dio PPko Iñigo Arcauzek
Aieteko Lantxabe auzo elkartea aspalditik ari dira Miramongo parkea txukuntzeko eskatzen. PP udal taldeko Iñigo Arcauz zinegotziak aldarrikapen horrekin bat egin du. «Bidexkak sastrakak janda, eserlekuak apurtuta, behar adina argirik ez dago eta anfiteatroko inguruak ez du inongo erabilpenik», salatu du Arcauzek. «Utzikeria nagusi» dela dio. Enpresa gunea eraikitzearen truke, Miramongo Teknolgia Parkeak berdegunea txukuntzeko 2,5 milioi euro bideratu beharko lituzke.
Arcauzek ez du, dena den, parkea berreskuratzeko erantzukizuna Teknologia Parkearena bakarrik denik uste. Udalak «lidergoa» izan behar duela eta eman nahi dituzten pausoen jarraipena egin beharko lukeela zehaztu du. PPko zinegotziak, beraz, Miramongo Teknolgia Parkearekin batera urratsik ematen ari ote den jakin nahi du.


