Kontxako kirolgunea hegalak astintzeko prest dago
Inaugurazio ekitaldia ekainaren 25ean egingo dute; dena den, aukerarik balego, zentroa lehenago ireki nahi dute
Herritar guztiei irekitako» ekipamendua dela azpimarratu dute arduradunek
Kontxako aparkalekuaren altzoan, orain arte soinean izan dituen hesi eta estalkiak gainetik kendu eta mundu zabalera hegan egin nahi du Hegalak kirol zentroak. Hilaren 25ean finaktu dute kirol gunearen inaugurazio eguna. Aldiz, asteleheneko inaugurazio ekitaldiaren aurretik ateak irekitzeko aukerarik izango balute, inaugurazio jaia baino lehen irekitzeko asmoa dutela adierazi du Jaione Izagirre Hegalak kirol zentroko arduradunak.
Ateak, halere, aspalditik izan ditu Hegalak kirol zentroak zabalik. Asteak daramatzate puntako teknologia eta baliabideez hornitutako zentroa ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen, hori baita kirol gunea kudeatzen duen Kirola eta Gaitasuna enpresaren erronka: herritarrek Cervantes plaza azpiko ekipamendua ezagutzea. IRUTXULOKO HITZAk halaxe egin du, «herritar guztiei irekitako» kirol zentroa bisitatu. Behin eta berriz nabarmendu du Izagirrek haur jaioberri, gazte, heldu eta adinekoentzako ekipamendua dela; «erabat irisgarria izatea da duen berezitasun bakarra», esan du. Mikel Izagirre Hegalak Zabalik Fundazioko kide eta Gipuzkoako Kriol Egokituaren Federazioko presidenteak «bai goi mailako kirolari baita dena delako min edo arazoa dutenentzat ere» irekita dagoela erantsi du.
Erabat irisgarria izatea eta Kontxa hondartza parez pare izatea izan daiteke beste ezaugarri nagusietako bat. «Leku paregabean dago, hondartzaren ondoan eta Donostiaren erdi-erdian. Hondartzara joateko sarrera izateak, kirola egin ondoren hondarretara ala itsasora joateko aukera eskaintzearekin batera, hondartzan ere jarduerak egin ahal izango dira», azaldu du Hegalakeko arduradunak.
Erreferentea
Lekuagatik bakarrik ez, erabiltzaileek izango dituzten puntako teknologia eta baliabideengatik ere Europan erreferente izango dela jakinarazi dute. «Israelen, Tev Aviven dagoen zentro bat izan dugu eredu. Internet bidez ezagutu dugu eta bertatik bertara ezagutzea gustatuko litzaiguke», aditzera eman du Izagirrek. 2009an proiektua garatzen hasi zirenean, baina, ez zegoen eredurik inguruan; hortaz, Europan «aitzindaria eta erreferente» izango dela berretsi du.
Zentroaren diseinu eta ezaugarriengatik, behinik behin, askorentzat leku berezi eta berritzailea izango da. Bi eremutan banatuta dago: osasuna eta administrazio eremua eta kirolgunea. Lehenengoan, bulegoak, bina mediku eta fisioterapia kontsulta, mediku laborategi bat, fisioterapia aktiborako gela bat, erabilera anitzerako gela bat eta zentzumenak garatzeko aretoa daude. Puntako teknologia lagun, zentzumenak pizteko anitzak dira areto horrek eskainiko dituen zerbitzuak. Hala nola, «estresari aurre egiteko atseden hartu eta lasaitu nahi duen jendearentzat izan daiteke baliagarria.
Psikomotrizidade arazoak dituzten umeentzat edo hitz egiteko eta komunikatzeko zailtasunak dituztenentzat ere aproposa da. Autista edota Alzheimer gaixoentzat ere oso gela egokia da», kontatu du Izagirrek. Laborategi gelan, berriz, esfortzu probak egingo dituzte. Horretarako lau metro luze eta 2,5eko zabalera duen zinta berezia dute. 40 kilometro orduko abiada har dezake eta oinez, korrika, bizikletaz, gurpil aulkian eta patinez egin daiteke proba. Isaac Suarez Espainiako ziklokros txapelduna izan da makina nolakoa den probatzeko aukera izan duen lehenengoetarikoa eta errepidean egin dezakeenaren antzekoa egin dezakeela baieztatu du. Baliabide horiekin mediku azterketak Hegalak zentroan egiteko aukera eskainiko die norbanako nahiz kirol elkarte desberdinetako kirolariei ere. Antiguoko eta Easo saskibaloi taldearekin, esaterako, hitzarmenak sinatu dituzte. Jokalariek urteko mediku azterketak eta lesioen diagnostiko eta osatze ariketak egiteko aukera izango dute.
Kirolguneko eremu lehorreko makinek, era berean, gurpil aulkiak sartu ahal izateko zabalera izateaz gain, bihotz taupaden maiztasuna eta esfortzuaren intentsitatea neurtzeko sistemak dituzte. Horien bidez, egin beharreko ariketa norberaren ahalmen eta beharretara egokitu ahal izango dute. Egindako saioa, era berean, grabatu eta emaitzak e-posta bidez bidal daitezkeela erantsi du Izagirrek.
Gune hezeko igerileku, jacuzzi spa eta saunetara heltzeko, halaber, ez da inolako trabarik egongo. Igerilekuetara aldapa bidez sar daiteke eta mugikortasun urria dutenentzat garabiak eta arnesak jarriko dituzte sabaitik zintzilik. 25 metroko igerilekuan jarri dituzten led argitxo batzuen bidez, igerilariek erritmo jakin batzuk ezarri ahal izango dituzte; era berean, ikusmen arazoak dituztenentzat gidari lanak betetzeko funtzioa izango dute.
Gune hezean ere xehetasunik txikiena zaindu dute. Kloroa gatz bidez sortuko dute. Era horretan, kloroak ez du usainik izango eta ez du azalik kaltetuko. Arnasteko arazoak dituztenentzat mesedegarriagoa da, halaber.
Green Building ziurtagiria jasotzeko lehian ari dira
Erabat egokitutako eta puntako teknologiaz hornitutako kirol ekipamendua izatearekin batera, energia arloan iraunkor eta eraginkorra izatea du Hegalak zentroak ardatz. Green Building ziurtagiria lortzeko borrokan ari direla aurreratu du kirol zentroko kudeatzaileak.
Lurpeko energia xurgatzeko ezarri duten geotermia sistema da Hegalak zentroaren beste bereizgarrietako bat. Aparkalekua egitean kirolguneko paretetan 12 kilometro hodi jarri zituzten energia xurgatu eta eraikina bero mantendu eta ura berotu ahal izateko. Horrez gain, manta termiko batzuekin igerilekua estali eta uraren berotasuna berrerabiliko dute.
