Frantzian estreinatuko dute gaur '80 egunean'
Euskaraz proiektatuko dute, frantsesezko azpidatziekin
2010eko udaberrian estreinatu zuten 80 egunean, eta orduz geroztik nazioartean dagoeneko hainbat lekutan eskaini dute. Munduko hainbat jaialditan zehar bidaiatu du Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako filmak. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian estreinatuko dute gaur, euskaraz eta frantsesezko azpidatziekin.
Guztira, 25 kopia banatu dituzte, eta horietako sei Parisko aretoetan emango dira, Irusoin eta Moriarti ekoiztetxeak jakinarazi dutenez. Frantziako banaketaz Epicentre enpresa arduratu da. “Filmak egin duen bidea mantsoa izan da, baina positiboa izan da. Filma Frantzian estreinatu ahal izatea ez da egunero gertatzen. Aukeratutako bidea egin dugulako gertatu da. Jaialditan asko insistitu dugu. Frantzian hainbat jaialditan izan da, sariak eskuratu ditu, eta azkenean banatzaile baten atentzioa bereganatu du”, adierazi du Jose Mari Goenagak Euskadi Irratian.
