Jazzak beteko du Viktoria Eugeniaren mendeurrena ospatzeko festa
Viktoria Eugenia antzokiak ehun urte beteko ditu aurten. Mendeurrena ospatzeko hainbat keinu txiki handi egin dira orain arte; festa nagusia, ordea, uztailaren 20an izango da. Gauerdi horretan antzokiak ateak zabalduko ditu parez pare, eta jazzaz gozatzeko hainbat kontzertu eskainiko dituzte eraikineko txoko desberdinetan. Gaujazza izena duen jaialdirako sarrerak 3 euroren truke eskura daitezke. Egun handia heldu baino lehen, antzokiaren ehun urteko ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa zabalduko dute Bulebarreko Kutxa aretoan. Abuztuan, bestalde, 15ean, Itzurun konpartsako buruhandi eta erraldoiek dantza eskainiko diote antzokiari. Aste Nagusia borobiltzeko, berriz, ikuskizun piromusikala egingo dute abuztuaren 18an Viktoria Eugenia ardatz duela.
