Txakurrak aske ibili ahal izango dira Miramon, Lau Haizeta, Otxoki, Ametzagaina, Urgull eta Uliako parkeetan
Udalak txakurren ordenantza berria aurkeztu du; txakurrak aske ibili ahal izateko hiriko guneak eta ordutegiak ezarri ditu
Donostian dauden 14.000 txakurrek aukera gehiago izango dute hiriko zenbait gunetan aske ibiltzeko. Udalaren ordenantza berriarekin txakurrek aske ibili ahal izateko eremuak izango dituzte auzo eta parkeetan. Bihartik aurrera aske ibili ahal izango dira ondorengo parkeetan: Miramon, Lau Haizeta, Otxoki, Ametzagaina, Ulia eta Urgullen. 18:00etatik hurrengo eguneko eguerdia arte izango dute baimena. Urgullen, udan, ordutegia aldatuko da, 19:00etatik hurrengo eguneko 10:00ak arte. Auzo bakoitzeko hainbat gunetan, 20:00etatik hurrengo eguneko 10:00ak arte lotu gabe ibili ahal izango dira: Antiguan, Ondarreta pasealekuaren eta Igeldo pasealekuaren artean diren gune irekiak (unibertsitate ingurua); Mikeleteen pasealekuaren, Pio Baroja pasealekuaren, Jauregiren eta Isturinen artean osatzen duten gune irekia, Ibaetako parketa eta Zapatari plaza; Aieten, Damazelai parkea, Katalina Eleizegi, Izostegi, Errondo gaina, Merkezabal eta Puio (Puio mendia); Amaran, Zorroaga gainaren eta Begiristain pasealekuaren artean eratutako gune irekia, Amaiur parkea eta haren aurreko lorategi gunea (Oroimenaren lorategia ez bestea); Loiolako Erriberan, Loiolako Erriberako pasealekua; Loiolan, Hondarreztatzaileen pasealekua; Txominen, Kristobaldegi bidea (komentuaren ingurua); Martutenen, Okendotegi bidearen inguruko gune irekiak (Urumea ibaiaren eta GI 131 bidearen artekoa); Intxaurrondon, Txaparrene pasealekua, Mons pasealekuaren eta Sasiain kalearen arteko lorategi gunea (autobusen garaje ingurua); Herreran: Arrobi; Bidebietan, Herri Ametsako bidea, Salvador Allende parkea; Grosen, Manteo; Egian, Matigoxotegi; Erdialdean, Urumea pasealekua, Frantzia pasealekua (erreka ingurua); eta Parte Zaharrean, Pasealeku Berria. Udalak informazio kanpaina bat abiatuko du leku eta ordutegi horiek ezagutzera emateko: “Txakurren jabe guztiengana zuzenduko gara ordenantza aldaketaren berri izan dezaten; mapa jarriko dugu euren eskura, lekuak eta ordutegiak ezagutu ditzaten; eta noski, ordenantza betearaziko dugula ere jakinaraziko diegu”, adierazi du Axier Jaka Ingurumen zinegotziak. Araudian egindako aldaketa honek, ordea, ez du esan nahi dena libre izango denik. Ordutegiak eta mugatutako guneak errespetatzen ez dituenak isunak ordaindu beharko ditu. Lokarriarekin eta lepokoarekin eraman beharko dira bide publikoetan, salbu eta berariaz baimentzen den tokietan. Udan, orain arte bezala, txakurrak ezingo dira hondartzan ibili; eta potentzialki arriskutsuak diren txakurrek lotuta joan beharko dute beti.
