Aita Vinuesa plazan motoak utzi ahal izateko eskaera egin du PPk
Hondartzetatik hurbil motoak uzteko leku gehiago behar direla azaldu du Ramon Gomez bozeramaileak
Motoa hirian «lehentasunezko» ibilgailua dela uste du Ramon Gomez PPko bozeramaileak. 25.000 moto baino gehiago daudela, eta motozaleak eroso ibiltzeko neurriak ezarri behar direla aldarrikatu du. Lehenengoa, Aita Vinuesa plazan motoak utzi ahal izateko aparkaleku bat egokitzea izan daiteke. Iaz, motoak uzteko aparkalekua Aita Vinuesatik Zubieta kalera mugitu zuten. Udan hondartza aldera joan nahi duten moto gidarientzat, baina, Aita Vinuesa plazan lekua izatea beharrezkoa dela uste du Ramon Gomezek. Aita Vinuesan ez ezik, hiriko hondartzetatik hurbil, Ondarretako Satrustegi hiribidean edota Zurriola hiribidean ere motoak uzteko leku gehiago zabaltzearen aldekoa da.
Horrez gain, motoak gauez aparkaleku publikoetan uzteko aukera, autobus bideetatik motoak joan daitezkeela argi adieraztea eta beste hainbat neurri aletu ditu PPko bozeramaileak. Neurri horiek guztiak jasoko dituen plan bat osatzea proposatu du Gomezek.


