Arantza Urkaregi: "Ez dadila beste inor epaitua izan lan politikoa egiteagatik"
Epai bakarra absoluzioa zela azpimarratu du Urkaregik: “Gure delitu bakarra izan zelako lan politikoa egitea, eta eskubide zibil eta politikoak defendatzea”. Epaia berri pozgarria izan dela adierazi du, baina epaiketa hau Euskal Herriak irabazi duela nabarmendu du, eta ez Madrilek: “Euskal Herriak irabazi du eskubide zibil eta politikoen alde egindako lanagatik, eta jasotako elkartasunari esker”. Bereziki Eleak mugimenduari eskertu diote auzipetuen alde egindako lanagatik: “Elkartasunik gabe epaia bestelakoa izango zen”.
D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa azken epaiketa politikoa izan dadila aldarrikatu du Urkaregik: “ez dadila beste inor epaitua izan lan politikoa egiteagatik. Gure ideologia eta militantzia politikoagatik izan gara epaituak eta kartzelaratuak”. Lan politikoa egiten jarraituko dutela berretsi du Urkaregik: “Bakoitzak bere herritik edo bere esparrutik, Euskal Herri aske eta justu baten alde”.
Ugarteburuk “poza eta harrotasuna” azaldu du: “Absolbitu dituzten auzipetu guztiengatik, poza; eta hainbat herritar eta eragilek erakutsi duten konpromisorako eta elkartasunerako gaitasunagatik, harrotasun handia”. Ugartebururen ustez, herritarrei hauteskundeetarako eskaintza bat egin izana hartu dute delitu modura eta epaitu egin dute: “Bankillora eraman dute sufragio eskubidea. Gaur, epaiak indarberrituta, esan behar dugu bukatu egin behar dela Espainiako estatuaren aldetik salbuespenezko legedia eta salbuespenezko egoera guztien aro zaharkitua. Berriz ere hasi behar da baldintza demokratikoen aroa”.
D3M eta Askatasunako kideen absoluzioa konponbidearen aldeko norabidean “urrats positiboa” dela adierazi du Ugarteburuk. Urrats solte bat izan ez dadila eskatu du: “Oraindik orain salbuespenezko arkitektura politiko eta juridiko oso bat dute eraikita Frantzia eta Espainiako estatuek Euskal Herriaren inguruan”.