Hodei Egaña absolbitu dute
Espainiako Auzitegi Nazionalak D3M eta Askatasuneko auzipetu guztiak absolbitu egin ditu
D3M eta Askatasuneko auzipetu guztiak absolbitu egin dituzte; kargurik gabe daude jada. Joan den maiatzean hamahiru lagun epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean, ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatuta. Fiskalak 11rentzat espetxea eskatu zuen, tartean Groseko Hodei Egañarentzat. Demokrazia 3 Milioi (D3M) hautesle elkartearen aurka 2009an egindako operazioan atxilotua izan zen Hodei Egaña (Gros, 1983). Sententziak dio ez dela frogatu 11 epaituek konszienteki ETAren alde lan egiten zutenik; eta beraz ezin zaiela ez etakide ezta ETAren kolaboratzaile izatea leporatu. Are gehiago, sententziak dio nahiz eta D3M eta Askatasuna ondoren legez kanpo utzi, honek ez duela esan nahi euskalherritar batek ez duenik bere askatasun politikoan jarduteko eskubiderik; beraz, ilegalizazioak ez duela esan nahi ezin duenik pertsona horrek politikan aritu.
Fiskalak D3M eta Askatasuna auziko 11 auzipeturentzako kartzela zigor eskaerak pixka bat jaitsi egin zituen epaiketako azkeneko egunean —maiatzaren 17an—, eta absoluzioa eskatu zuen Fernando Antia eta Aitor Liguerzana auzipetuentzat. Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari espetxe zigor eskaera bederatzi urtetik seira jaitsi zien fiskalak —ETAko kide izatea leporatzen zien—, eta Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasari zazpi urteko eskaera bostera —ETAri laguntza ematea egozten zien —; Antia eta Liguerzanaren aurka lehen zazpi urteko kartzela zigor eskaera egin zuen fiskalak.