Maramara taldeak lehen hitano barnetegia antolatu du
Ataungo Lizarrusti parketxean egingo dute, uztailaren 16tik 21era bitartean
Maramara taldeak lehen hitano barnetegia antolatu du uda honetarako. Toka eta noka egiten ikasteko ekimena uztailaren 16an hasi eta sei egunez luzatuko da, Ataungo Lizarrusti parketxean. Irakasleak Ritxi Lizartza eta Eneko Haritza izango dira. Goizetan, hitanoaren lanketa teorikoa egingo dute; eta arratsaldetan, aldiz, mintzapraktikaren txanda izango da. Horretarako, irteerak prestatu dituzte: Lareo urtegira, Barandiaran museora, Arbizura…
Uztaila hasiera arte izena eman daiteke. Ekimenak 325 euroko kostua du, eta oparitan, Rixi Lizartzaren Hitanoa. Mintza hadi lagun! liburua jasoko dute partaideek. Informazio gehiagorako Hitanoa.com webgunean sartu; eta izena emateko, berriz, info@hitanoa.com helbidera idatzi.