Igeldo eta Zubietarekin beste harreman dinamika batzuk garatu ditu udal gobernuak
Proposamenak eta erantzunak ezagutzeko «auzo eta herri» bakoitzeko etxetxo bat sortu dute
Herritarrek egindako proposamenak ezagutu eta erantzunak aztertu ahal izateko, azalpenez beteriko etxetxoak sortu dituzte. «Auzo eta herri» bakoitzak berea du eta kultur etxe edo herritarren bilgune diren tokietan jarriko dituzte hilabete bukaera bitartean erakusgai. Zubieta eta Igeldo, baina, etxetxorik gabe geratu dira. Proposamenak jasotzeko haiekin elkartu badira ere, beste harreman dinamika bat sustatu dutela azaldu du Juan Karlos Izagirre alkateak.
Herritarrek egindako proposamen eta udal gobernuak dituen lehentasunek askotan bat egin dutela azpimarratu du Juan Karlos Izagirrek. Honela, agintaldian zehar garatuko dituzten egitasmoen artean, «Herreran N-I errepideko eremua oinezko bihurtzea, baratze publikoak sustatzea, Karlos I. autobideko sarbidea ixtea, etxebizitza hutsen zerrenda egitea, Añorgako errepidea pasealeku bilakatzea, Grosen eta beste inguru batzuetan bizikletak uzteko aparkaleku gehiago jartzea, hileta laikoak antolatzeko araudia egokitzea, Urumeaan uholdeak ekiditeko neurriak hartzea, Txomin Eneako hirigintza egitasmoa garatzea eta Parte Zaharreko eremu publikoa berrantolatzea», zerrendatu ditu alkateak. Proposamen horien artean hileta laikoak antolatzeko udal gobernuak eman nahi dituen pausoen inguruan xehetasun gehiago eman ditu Axier Jaka Partaidetza zinegotziak. «Egun, herritar bati azken agurra egiteko, errausketara jo gabe, eremu konfesionalak besterik ez daude», azaldu du zinegotziak, eta gabezia horri erantzuteko asmoa du udal gobernuak.
Auzoz auzoko proposamenak batzar askotan eskaerak errepikatu egin direla zehaztu du alkateak. Hala nola, euskararen erabilera indartzeko beharra 12 auzotan plazaratu dute, garraio publikoa hobetu eta udaltzaingo gehiagoren beharra, berriz, 11 auzotan. Kale eta plazetan garbiketa areagotzea, denda eta merkatari txikiak laguntzea, gizarte zerbitzuak indartzea, igogailu eta arrapala gehiago jartzea, auzoetan kultur jarduerak antolatzeko aukera handiagoa eskaintzea, zarataren aurka neurriak hartzea edo argiztapen sarea berrikustea dira gehien errepikatu diren beste eskaera batzuk.


