Hodei Egaña, D3Mko kidea, absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak
Ez da frogatu D3M eta Askatasuneko auzipetuak ETAren alde lan egin ezta kolaboratu zutenik ere
D3M eta Askatasuneko auzipetu guztiak absolbitu egin dituzte; tartean, Groseko Hodei Egaña. Kargurik gabe daude jada. Joan den maiatzean hamahiru lagun epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean, ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatuta. Fiskalak 11rentzat espetxea eskatu zuen.
Demokrazia 3 Milioi (D3M) hautesle elkartearen aurka 2009an egindako operazioan atxilotua izan zen Hodei Egaña. Sententziak dio ez dela frogatu 11 epaituek konszienteki ETAren alde lan egiten zutenik; eta beraz ezin zaiela ez ETAko kide ezta ETAren kolaboratzaile izatea leporatu.
Sufragio eskubidea, «aulkira»
Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia «berri pozgarria» izan dela aitortu du Maribi Ugarteburu Ezker Abertzaleko bozeramaileak. Auzi horrekin, ordea, «sufragio eskubidea akusatuen aulkira» eraman dutela nabarmendu du. Ugartebururen iritziz, herritarrei hauteskundeetarako eskaintza bat hartu dute delitu modura eta epaitu egin dute. Era horretan, baldintza demokratikoen aroa «berriz» hasi behar dela azaldu du. Arantza Urkaregi auzipetuak, berriz, «azken epaiketa politikoa» izatea aldarrikatu du. «Ez dadila beste inor epaitua izan lan politikoa egiteagatik», adierazi du.
D3M eta Askatasunako kideen absoluzioa, honenbestez, konponbidearen aldeko norabidean «urrats positiboa» dela adierazi du Ugarteburuk. Era berean, urrats solte bat ez izatea eskatu du: «Oraindik orain salbuespenezko arkitektura politiko eta juridiko oso bat dute eraikita Frantzia eta Espainiako estatuek Euskal Herriaren inguruan».


