Asier Lavanderaren hiltzaileari hemezortzi urteko espetxealdia ezarri dio epaileak
Hilketa “ankerkeriaz” egin zuela frogatutzat jo zuen herri epaimahaiak, eta fiskalaren eskaria erabat onartu du epaileak: hemezortzi urteko zigorra. Familiak 25 urtekoa nahi zuen
Asier Lavandera gazte donostiarraren hiltzaileak badu zigorra: hemezortzi urteko espetxealdia ezarri dio epaileak. Herri epaimahai batek epaitu zuen Fernando R. akusatua, eta “ankerkeriaz” egindako hilketa baten errudun jo zuen. Fiskalak eskatutako zigorra erabat onartu du orain epaileak: hemezortzi urteko espetxealdia jarri dio, eta kalte-ordaina eman beharko dio Lavandera zenaren familiari: 213.113 euro. Sendiak zigor handiagoa eskatu zuen, 25 urtekoa; defentsak, berriz, hamabost urteko zigorra galdegin zuen, eta gazteak hilketa aitortu izana aringarritzat jotzeko eskatu zuen.
Lekunberrin, Mao Mao Beach dantzalekuan, hil zuten Lavandera 2010eko urtarrilaren 6an. Eztabaida izan zuten bi lagun taldek, eta hiltzaileak labana batekin egin zion eraso; bost aldiz sastakatu zuen. Intxaurrondon jaio zen Lavandera. Altzan ere ezaguna zen bere gurasoak El Quijote tabernako jabeak baitira.