Eli Tolaretxipi: "Pentsatzen duguna baino poesia gehiago irakurtzen da"
Eli Tolaretxipi, poeta
Irakasle moduan irabazten du soldata, baina hainbat poesia liburu kaleratuak ditu Eli Tolaretxipik; Londresko kultur olinpiadetara joateko aukeratu dute.
Londreseko kultur olinpiadan parte hartuko du Eli Tolaretxipik (Gros, 1962), ekainaren 26tik uztailaren 1era, Poetry Parnassus izenekoan. Hala, 204 herrialdetako poetek parte hartuko dute, paralinpiar jokoekin bat eginez. 50 hizkuntza baino gehiagotan, mahai-inguruak, tailerrak, hitzaldiak… egingo dituzte. Guztira, 6.000 poeta aurkeztu ziren aukeraketara, eta hauek izan dira aukeratutako batzuk: Jo Shapcott (Britainia Handia), Wole Soyinka (Nigeria), Kay Ryan (AEB) eta Bill Manhire (Zeelanda Berria). Parnassus Poetry jaialdiko arduradunek ekainean The World Record kaleratu nahi dute aukeratutako poeta bakoitzaren poesia banarekin.
Nola jakin zenuen olinpiaradarako hautatua izan zinela?
Antolakuntzako zuzendariek idatzi zidaten udazken aldera, esanez hautatua izan nintzela olinpiadetara joateko. Jaialdi handia antolatzen ari zirela eta ea joateko prest egongo nintzatekeen galdetu zidaten. Baietz erantzun nien, baina apirilera arte ez zenez zerrenda behin betikoa izango, ezer ez esateko esan zidaten. Izan ere, 1.000tik gora hautagaietatik 200 aukeratu behar zituzten oraindik. Banekien aukera ona zela, baina banekien badaudela poeta onak, ni baino ezagunagoak eta liburu gehiago argitaratuak dituztenak. Beraz, kontua erdi ahaztu nuen. Gero, ezusteko handia izan zen ni hautatu nindutela jakitea, hemendik ni bakarrik joango nintzela jakinda gainera.
Zer izango da kultur olinpiada?
Batez ere irakurketak egongo dira, irakurketa txikiagoak tabernetan, erakusketak, itzulpenarekin lotutako ekitaldiak. Niri, adibidez, proposatu didate nik itzulitako poemak eramateko. Bakoitzak bere hizkuntzan irakurriko ditu, eta ikusleek asmatu beharko dute zein poeta den, jolas moduan. Umeentzako ekitaldiak ere egongo dira.
Zuk zer egin beharko duzu?
Itzulpen jolas horietan parte hartuko dut, eta nire poemak ere irakurriko ditut. Nik gazteleraz irakurriko ditut, eta ikusleek ingelesezko itzulpenak izango dute.
Zein datetan izango zarete?
Ekainaren 26an hasiko gara, eta egunero zerbait izango da. Gero, multzo horretako poeta batzuk beste bira baterako ere hautatu gaituzte eta beste hiru jaialditan izango gara, trenez: Briston, Hemdem Rich (York inguruan), eta beste bat. Poesia irakurketak egingo ditugu. Poesia jenerorik galduena dela aipatu zuten prentsaurrekoan. Literaturaren etxerik gabekoak esan ohi diete poetei, ez dutelako dirurik irabazten eta genero berezia delako literaturaren barnean. Antolatzailea poeta ingeles gaztea da eta bere ideia izango zela pentsatzen dut. Nazioarteko poesia jai handi bat nahi zuen. Guztira bi aste izango dira.
Gainontzean zein proiektutan zabiltza?
Menna Elfynen Mancha perfecta aurkeztu berri dut, Arantxa Fernandez Iglesiasekin batera, Madrilgo UNEDeko irakaslea da bera. Galestarrez idazten du Elfynek; momentuz 10 poema euskaratu ditugu eta liburu guztia euskaraz argitaratzea da gure asmoa. Argitaletxe baten bila gabiltza. Elfyn Galesen oso ezaguna da, Euskal Herrian Bernardo Atxagaren pareko zerbait. Poesia liburuak ditu, eta orkestrekin ere kolaboratu izan du. Dagoeneko bere bi liburu gaztelerara itzuliak ditut, poemaren bat ere euskaratua nuen.
Poesia itzultzea ez da batere erraza izango…
Hurbilpenak izaten dira, eta urteetara itzulpenak irakurri eta asko aldatuko nukeela uste dut. Zailena, jatorrizkoaren hitzen musika mantentzea dela uste dut. Egileak azaldu egin behar izaten dizu askotan, baina bidean asko galtzen da. Ondo itzultzea oso zaila da, baina idazlearekin harremana duzunean errazagoa da.
Zein izan da orain arte zure ibilbidea?
Ikastolan hasi nintzen idazten, baina beti gaztelaniaz. Gero, unibertsitateko aldizkarian parte hartu nuen eta halakoetan. Nire lehen liburua 1999an argitaratu nuen, Amor muerto-Naturaleza muerta. Poesia izateko ongi saldu zen, eta bide asko zabaldu zizkidan, bai hemen eta bai atzerrian ere. Espainian, Argentinan eta Venezuelan egon nintzen irakurketak egiten. Zortea izan nuen, gonbidapenak jasotzea baita aukera onena. Gasteizko argitaletxe batekin, urte batzuk beranduago bigarren liburua kaleratu nuen; Los lazos del numero. El especulador ere idatzi nuen 2009an, eta orain Edgar noiz argitaratuko zain nago. Edgar Allan Poerengan ispiratu naiz azken libururako. Betidanik gogoko izan dut Allan Poe; irakurri nuen lehen idazle ingelesa izan zen, ingeles oso gutxi nekienean. Ipuin asko ditu hildako eta berpizten dituen emakumeekin; hori izan zen lehen ispirazioa libururako.
Liburuez gain, Literaktum eta antzeko ekitaldietan maiz parte hartzen duzu.
Bai, gonbidapenak jasotzen ditut, eta emakumeen topaketetan parte hartzen dut liburuak gomendatzen edo antzekoak, Luisa Etxenikerekin edo aurkezpenak egiten. Aurten, gomendatu nien Loiolako kultur etxekoei Menna Elfyn ekartzea.
Poesiaz ezin duzu bizi, baina pozak ematen dizkizu, ezta?
Bai, beti esaten dut opariak bidaiatzea eta gainontzeko poetak ezagutzea direla. Kolaboratzea ere polita da, itzulpenak eginez, edo poetak hona ekartzeko gomendatuz. Adiskidetasunak sortzen dira eta loturak, eta oso interesgarria da. Poeta bakoitzak bere historia du, eta hori konpartitzea oso interesgarria da.
Zer nolako bizia du poesiak Euskal Herrian?
Irakurketek poesia gerturatzen dute jendearengana eta pentsatzen duguna baino poesia gehiago irakurtzen da. Harkaitz Canok eta Aritz Gorrotxategik jaso berri dituzten sariak, esaterako, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit poesiarentzat. Euskal Herrian oso poeta onak daude, eta baloratzen dela uste dut. Badago irakurtzen ez duen jendea, eta nire lankide batzuek ez dakite idazten dudanik ere, baina kultur grina sartua duenak ezagutzen ditu hemengo poetak.
Baduzu idazteko momentu zehatzik?
Beti ditut ideiak buruan, eta edozein momentutan idazten dut. Denbora izatea da garrantzitsuena. Gazteagoa nintzenean beti gauez idazten nuen, baina, orain, edozein momentutan. Orain azkarrago ateratzen zaizkit gauzak, agian denbora premiagatik, baina nahiko mantsoa naiz.
2016ko kultur hiriburutzaz zerbait badakizu?
Ba ez daukat ideiarik ere. Agian animatuko dira poesiarekin zerbait egitera, ideia ona litzateke. Donostian antolatzen diren gauzek soinuarekin harreman gehiago izaten dute. Bilbok tradizio handiagoa du poesiarekin.