Euskara, udaletxetik Garibai kalera

Bretxako barazki postuen eta Sarriegi plazaren artean azaldu zuen Oihana Maritorenak Donostiako inauteria. (Argazkia: Mikel Goñi)
Hiriko euskaltzaleen elkartea den Bagerak eta Maramara taldeak batera antolatu dute Euskararen ibilbidea Donostian, hiriaren eta hizkuntzaren arteko lotura zuzena nabarmentzeko. Joan den ostiralean euskara ikasleekin egindako saioan, Oihana Maritorena aktorea izan zuten cicerone lanak egiten. Hain zuzen ere, AEKko ikasleek Grosekoarengandik jaso zituzten azalpen guztiak. San Juan kalean kantari
Udaletxearen parean hasi zuten ibilaldia, eta Maritorenak hizkuntzaren inguruan erakundeek duten eraginaz hitz egiteaz gain, duela berrehun urte Donostia hiri elebakar-euskalduna zela adierazi zien ikasleei.
Txangoaren hurrengo geltokia, Kale Nagusian egin zuten, hain zuzen ere, Antzoki Zaharraren parean. Euskarazko bertsolaritzarentzat, antzerkigintzarentzat zein bestelako kultur adierazpideentzat antzokiak duen garrantzia nabarmendu zuen aktoreak, Bilintx bezalako pertsonaiak aipatuz. Urgull mendiaren magalean, eta badiaren beste aldean, Loretopea begien bistan zutela eman zien Maritorenak hiriko toponimian dauden hainbat bitxikeriaren berri; besteak beste, Loretope izenetik Pico del Loro izenera jauzia egiteko modua, edota Urgull mendiaren jatorri gaskoiaren inguruko azalpenak.
Festen inguruko kontakizun azkarra Konstituzio plazan egin ondoren, irakaskuntza eta ikastolen alorra jorratu zuen gidariak, San Juan kaleko Orixe ikastolaren eraikinaren aurrean. Bertan ez ziren falta izan Elbira Zipitria eta Kontxita Beitia andereñoei buruzko aipamenak, ezta horiek egindako lanaren gorazarrea ere.
Kale beran, aurreikusi gabeko gertakari txikia izan zen; hain zuzen ere, Mikel Laboaren omenezko plakaren aurrean, Ez Dok Amairu mugimenduaz eta euskal kantagintza berriaz azalpenak eman ondoren Maritorenak, ezustean, abestea proposatu zien ikasleei, hauek erronka onartu zuten. Modu honetan bat-bateko kantalditxoa egin zuten Txoria-txori abestia baliatuta. Bretxan egin zuten geldialdian, Donostiako inauteria eta San Sebastian eguna izan zituzten hizpide; Raimundo Sarriegiren plaza eta estatua pare-parean zuten.
Hizkuntza aukera zabala Erdialdera jauzi eginez, komunikabideen eta euskararen arteko harremanari erreparatu zioten. Izan ere, Camino kalean izan baitzuen lehen egoitza Zeruko Argia aldizkariak, eta 150 bat metro aurrerago, Andia eta Garibai kaleen gurutzean, Herri Irratiak euskarazko irrati emisioei ekin baitzien XX. mendearen hastapenetan. Une honetan, Irutxulo aldizkariari eta Irutxuloko Hitza-ri egindako aipamenak ez ziren falta izan. Era berean, gai honek bukaera eman zion ibilaldiari, ikasleak pozik eta gustura gelditu zirela.
Euskaltzaleen elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez, bisita hauek publiko orokorrari eskaintzen hasiko dira, Donostia Turismoaren laguntzaz. Turistei, bisitariei eta bertakoei hainbat hizkuntzetan egingo diete proposamena; besteak beste, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.


