Pobrezia erreala neurtzeko tresna prestatuko du Aldundiak
Gipuzkoako pobrezia maila erreala ezagutzeko tresna osatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Baliabide gutxien dituzten pertsonak zein egoeratan dauden jakiteko eta gipuzkoarren bizi kalitatearen bilakaeraren berri izateko sortuko dute. Urtero jaso nahi dituzte datu horiek.
Sektoreko gizarte erakundeekin lankidetzan diseinatuko duten galdera sorta da, eta urtean behin, Gipuzkoako 1.200 etxebizitzatan egingo dute. Hurrengo urtean, parte hartu dutenen erdiak errepikatu egingo du, ikerketaren luzerako ezaugarria mantentzeko. Errealitate anitzak islatzeko; baliabide ekonomikoen gabezia aldagai izateaz gain, gizarte bazterkeriarekin lotura duten beste alderdi batzuk ere kontuan hartuko ditu. Tresna berriak 93.220 euroko inbertsioa izango du, eta horren esleipena aste honetan egingo dute. Datozen hilabeteetan prest egotea espero dute, eta lehen emaitzak urte amaierarako aurreikusi ditu Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek.