Musikeneko ikasleek Euskadiko Orkestrarekin jotzeko aukera izango dute
Datorren ikasturtean abiatuko da elkarlan hitzarmena
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Musikenek hitzarmen garrantzitsu bat sinatu berri dute. Donostian dute egoitza bi erakundeek, eta hori kontuan izanik, badakite elkarlanean aritzeko erraztasunak dituztela.
Hitzarmenari esker, Musikeneko ikasleek orkestrarekin denboraldiko kontzerturen batean joko dute, eta zuzendari eta solista gonbidatuen master eskolak jasoko dituzte, besteak beste. Horretaz gain, bi erakundeek egoitzak eta instrumentuak partekatzeko erraztasunak izango dituzte. Hori guztia, Jorda Gela programaren barnean izango da. Datorren ikasturtean abiatuko da hitzarmena; momentuz, lau urteko balioa izango du, baina luzatzeko asmoa dute.


