Zea Mays, Esne Beltza eta Ken Zazpi igoko dira Sagueseko oholtzara
Aurtengo Aste Nagusiak zazpi kontzertu egun izango ditu, ohikoa baino bat gutxiago
Zea Mays, Esne Beltza, Gose, Ken Zazpi… Euskal taldeek inoiz baino indar handiagoa izango dute aurtengo Aste Nagusian. Iaz Donostian izateko aukerarik izan ez zuen Mala Rodriguez, aurten, bai, Saguesen izango da. Uda honetan, Aste Nagusia Dance izenarekin disko jotzaile, txalapartari eta trikitilariek askorentzat berezia zein bitxia izango den ikuskizuna emango dute. Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak eta Maria Jesus Torres festen arduradunak azpimarratu dutenez, «publiko desberdinari zuzendutako kalitatezko programazioa» prestatu dute. Aurten, gainera, berezitasun nabarmen batekin, kontzertu egun bat gutxiago egongo baita. Abuztuaren 18an ez da kontzerturik egongo, eta Viktoria Eugeniako su festa piromusikalak itxiko du ekintzaz beteriko astebeteko jaia.
Zea Mays taldearen melodiek hasiko dute, abuztuaren 11n, Sagueseko kontzertu sorta. Egun berean, 1980ko hamarkadaren hasieran Bilbon sortu zen Doctor Deseo taldeak hartuko du lekukoa. Musikaz gain, agertokian eskaintzen duten ikuskizunak ere musikazake el askoren arreta erakartzen du taldeak. Larunbatean, beraz, inork gutxik galduko du Saguesera hurbiltzeko aukera.
Igandean Esne Beltzaren txanda izango da. Reggae, ska eta hip hop doinuak trikitixa soinuekin uztartzen maisuak dira, Sagueseko zabalgunean nahi beste dantza egin ahal izateko.
Ihes egiteko inongo asmorik gabe, eta ahalik eta entzulerik gehien harrapatzeko asmoz, iritsiko dira Kantabriatik La Fuga taldeko kideak. Bederatzi disko kaleratu dituzte eta 500dik gora kontzertu eman dituzte jada. Abuztuaren 13an, Raices lan berriaren kantak eskainiko dituzte, besteak beste. Musika estilo nahasketarik handiena hurrengo egunean entzun ahal izango da. Alvaro Reina eta Eduardo Naranjo disko jotzaileek, Felipe eta Imanol Ugarte txalapartariekin eta Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar trikitilariekin egingo dute bat. Denek osatuko dute Aste Nagusia Dance ikuskizuna.
Asteazkenerako, berriz, eskaintza bikoitza. Trikitixa eta elektronika nahasten duten Gose taldea, batetik; eta flamenkoa musika beltzarekin uztartzen dituzten Fuel Fandango bikotea, bestetik.
Ostegunean, 100% Gourmet hip hip artisten eta iaz etortzeko gogoz geratu zen Mala Rodriguezek joko dute. Kontratua iaz «lotu gabe» zegoela, eta aurten Saguesera etortzeko gonbidapena «zor» ziotela adierazi du Nerea Txapartegik.
Pasai Donibaneko Anai-Arrebak eta Ken Zazpi taldeek itxiko dute kontzertu sorta. Zalantzarik ez dago abuztuaren 17an Sagues lepo beteko dela.
2012ko Aste Nagusia, udako produktu erakargarria
Aste Nagusiko gauak girotuko dituzten Sagueseko kontzertuak aurkezteaz gain, aurtengo jaia irudikatuko duen kartela aurkeztu dute ere. Lucas Fernandez egileak jai programako gertaera nagusiak barra kode batetik zintzilik jarri ditu. Festa produktu gisa irudikatu duela azaldu du Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak.
«Aste Nagusiak zer ezkutatzen duen ezagutzeko kodea edo giltza da», azaldu du Txapartegik. 25 lehiakidek aurkeztutako lanen artetik aukeratu dute artista toledotarraren kartela. Fernandezek, gainera, donostiarren gustuak ondo ezagutzen ditu, 2010eko lehiaketa irabazi zuelako.


